Koronabirusa

Osasun larrialdian Amasa-Villabonako kultura sailak eskaintza egin du

Ataria 2020ko mar. 30a, 13:43

Kultur programazioaren buletin elektroniko "xume" bat zabaldu dute, esan dutenez, "kultura ez delako geldituko".

Konfinamendu egoera honetan honako kultur eskaintza egin du Amasa-Villabonako Udalak.

Dokumental zikloa

Joan den asteartean Muga deitzen da pausoa dokumentalaren emanaldia zegoen iragarrita Gurea zinema aretoan, villabona.dok zikloaren barruan.

Asteartean, martxoak 31 dokumentala online ikusteko aukera izango da, 20:00etatik 00:00etara. Horretarako Amasa-Villabonako Udalak banatu duen buletin elektronikoan klikatu eta buletin horretan bertan emandako pasahitza sartu beharko da.

Argazki bilduma

Herriaren nortasuna indartuko duen ekimena jarri nahi izan du martxan Amasa-Villabonako kultura sailak. Norberaren etxean edo etxeko balkoi edo leihotik ateratako argazkiak bidaltzea eskatu dute, martxoaren 29tik, apirilaren 3ra bitartean.

Jasotako argazki guztien artean hiru sari zozkatuko dituzte: 200 euroko hiru saski, Villabonako saltokietako produktuez osatuak.

Lau modutara bidali daitezke argazkiak: amasavillabonaetxetik@gmail.com helbidera bidalita; Villabonako Udaleko Facebook, Twitter edo Instagram kontuetara bidalita #AmasaVillabonaEtxetik traola erabilita.

Jasotako argazki bakoitzari zenbaki bat emango zai eta gero zozketa bidez hiru zenbaki aukeratuko dituzte. Horiek izango dira sarien irabazleak. Apirilaren 6an jakinaraziko dute emaitza. Ondoren, bildutako argazkien artean aukeratutakoekin bideo bat egingo dute eta herritarren artean zabalduko dute.

Oria merkatari elkarteak babestu du ekimen hau.

Kultur ikastaroak

Herritarren artean banatutako buletin elektronikoan kultur ikastaroetako irakasleetako batzuk bideo batzuk prestatu dituzte.

Momentuz bi bideo labur prestatu dituzte, baina iragarri dutenez, hurrengo egu notan gehiago izango dira. Oraingoz, Javi Rivero sukaldariak errezeta erraz bat prestatu du eta Urkiri Salaberria irakasleak marrazketako oinarrizko teknika bat azalduz beste bideo bat zabaldu du.

Antzerkia online

Antzerki konpainia batzuek biran ez dauden antzezlanak eskegi dituzte sarean. "Bistan da pantaila ez dela antzerkia ikusteko biderik onena, baina iruditzen zaigu merezi duela antzerkitik erabat ez deskonektatzea", aipatu dute kultura sailetik.

Hiru gomendio egin dituzte:

- Ez dok hiru konpainiaren Euskal musikaren benetako istorioa.

- Vaiven producciones taldearen Ultimo tren a treblinca.

- Dejabu panpin laborategiaren Azken portua (haurrentzako antzezlana).

Festetako kontzertua

Uztailaren 28an, asteartea, kontzertua izango da Santio jaietako Gazte Egunaren barruan. Aurten, aurreko urteetan bezala, herritarreko kontzertu horretan parte hartuko du(t)en taldea(k) aukeratzeko aukera izango dute telematikoki egingo den bozketa bidez.

Musika taldearen aukeraketa bi fasetan egingo da. Lehen fase honetan taldeak proposatzeko aukera izango dute herritarrek baldin eta Amasa-Villabonan erroldatuta badaude eta 2006. urtean edo lehenago jaioak badira. Horretarako talde baten izena proposa dezake herritar bakoitzak helbide honetara idatzita: kontzertubozketa@gmail.com. 

Taldeak proposatzeko epea apirilaren 3an 00:00etan bukatuko da. Herritar bakoitzak behin bakarrik proposa dezake talde bat bere izen-abizenak emanda.

Behin proposatutako talde guztiak dauzkatenean, talde bakoitzak ondoko bi baldintza hauek betetzen dituen konprobatuko dute kultura sailetik: uztailaren 28an Villabonan jo ahal dezaketen eta ekintza horretarako jarri den udal aurrekontuan sartzen ote den kontzertua.

Bigarren fasea ondoren hasiko da eta bertan bi baldintza horiek betetzen dituzten proposamenen artean bozkatu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!