Koronabirusa

Osasun larrialdiak eraginda hartutako neurriak

Ataria 2020ko martxoaren 18a

Azken egunetan udalak hainbat neurri berezi hartzea erabaki du koronabirusak eragindako osasun larrialdiak eraginda. Aipagarriak diren neurriak zerrendatu ditu Amasa-Villabonako Udalak:

Herritarren parte hartze prozesua behin behinean etenda

Udaleko prozedura guztien epeak etenda daude. Ondorioz, hilabete hasieran martxan jarritako herritarren parte hartze prozesua ere etenda geratzen da behin behinean.

Osasun-larrialdi egoera hau amaitzean, herritarren parte hartzerako udal Batzordea bilduko da eta epe berriak jakinaraziko ditu.

Organikoaren eta Errefusaren edukiontziak zabalik

Udalak Organikoaren eta Errefusaren edukiontziak irekitzea erabaki du, herritarrek txartelik gabe erabili ahal izan ditzaten.Erabaki hau Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean hartua izan da, adituen iritziari kasu eginez.Neurri berezi honen helburua lurrean utzitako poltsen bitartez gerta litekeen Koronabirusaren hedapena saihestea da.

Herritarrei eskatzen zaie, mesedez hondakinak edukiontzien barrura bota ditzaten eta saia daitezela poltsak egunero ez ateratzen.

Autoak aparkatzeko zona mugatua ere bertan behera geratzen da

Villabonako herri-guneko ordu beteko aparkatzeko zona mugatua ere bertan behera gelditzen da. Beraz, autoa behar den denbora guztian eduki ahal izango da aparkatuta, inolako mugarik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!