Zaharra naiz Tik Tok-en ibiltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2020ko mar. 14a, 19:58

Beharbada sare sozialak gorroto dituzu. Akaso Facebook kontu bat ireki zenuen duela dezente eta honezkero ez zara apenas sartzen. Edo Instagram modan dagoela irakurri duzu leku askotan eta kontu bat zabaltzekotan zaude zure udako oporretako argazkiak igotzeko. Ba jakin, oker zabiltzala. Ez zaudela in. Ez zarela cool.

Geratu izen honekin: TIK TOK. Bai-bai... TIK TOK, momentuko sare soziala. Gaur egungo nerabeen artean arrakasta gehien duen plataforma. Agur Facebook, Twitter eta Instagram. Gaur egun ez zara inor, Tik Tok-en ez bazaude. Era guztietako edukiak igotzen dira bertara: bideo musikalak, erronka bitxi zein frikiak… Orain arte gaztetxoak bakarrik zeuden, baina azken aldian, punta-puntako famatuak ere hasi dira beraien kontu ofizialak sortzen eta plataforma edukiez hornitzen. Negozioa orain hemen dago eta famatuek oso ondo dakite.

Hemen inguruan baditugu Tik Tok-er famatuak: Ordiziako Twin Melody ahizpak esaterako. Beraien kontuan, 12 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzte gaur egun. 12 MILIOI. Beraien 15-30 segundoko bideoek milioika ikustaldi dituzte. Hona hemen, gaur egungo edukiak kontsumitzeko joera, lagunok.

Seguruenik, testu hau irakurtzen ari zaretenon artean, egongo da gurasoren bat Tik Tok-en berri baduena. Horietako bat zu bazara, mezu bat daukat zuretzat: «Zure seme-alabek Tik Tok-ak ikusten orduak eta orduak pasatzen badituzte, egon lasai… EZ zaude bakarrik! Uneoro TIK TOK-er izan nahi dutela esaten badizute, zaude lasai… Hartu arnasa sakon, benetan beharko duzu eta».

Youtube eta Instagram kontrolatzen genituen momentuan, zer eta beste sare sozial berri batek aurre hartu die hauei guztiei eta berriz ere, zerotik hastea tokatzen zaigu. Baita niri ere. Hamar urte daramatzat sare sozialetan lan egiten. Hauek ordaintzen dizkidate nire hileko alokairua eta gastu guztiak eta orain Tik Tok izeneko sarean edukiak sortu behar ditut, hor omen daudelako euskal gaztetxoak. Kontrolatzen ez dudan sare sozial batean nerabeek hitz egiten duten hizkuntza ikasi behar dut modo autodidakta batean.

Hiru bat aste pasa dira APPa deskargatu eta probatzen hasi naizenetik, eta beste sare sozialekin izan ez dudan sentsazio bat izan dut azken honekin: «Zaharra naiz Tik Tok-en ibiltzeko». Bai, ez dut neure burua erronka frikiak edota bideo musikalak grabatzen ikusten. Gaztetxoek beraien hizkuntza propio bat sortu dute sare sozial honetan eta ni 32 urterekin, lekuz kanpo sentitzen naiz. Nire gurasoek Instagram kontu bat zabalduko balute bezala. Arazo honi irtenbide bat bilatzen diodan bitartean, 50 erronka berri sortu dira Tik Tok-en. Berandu noa. Oso berandu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!