Berdel Pilota Festa hartuko du etzi Villabonak

Ataria 2020ko martxoaren 12a

Behar Zana pilota elkarteak antolatuta, larunbat honetan Berdel Pilota Festa egingo dute Villabonan. 16:30ean hasiko dira ekitaldiak, II. Pilota-Berdel topaketarekin.

Eguraldi ona eginez gero, Errebote plazan elkartuko dira Aiztondo bailarako elkarteko pilotariak, eta txarra eginez gero, Beharzana frontoian ariko dira. 6 eta 12 urte bitarteko 90 gaztetxok eman dute izena parte hartzeko. Hortik gutxira, 16:45ean, IV. Emakumeen Txapelketa Azkarrari hasiera emango diote Beharzana frontoian. Hamar parte hartzailek eman dute izena eta bost bikote osatuko dituzte. Kanporaketak jokatuko dituzte eta finala 18:45ak inguruan izango dela aurreikusten dute. Eguraldi txarra egiten badu, Amasako frontoian ariko dira, gaztetxoei lekua utziz Beharzana frontoian.

18:00ak aldera hasiko da berdel, txakolin eta sagardo dastaketa, Berdura plazan. Eguraldi txarra bada, Gudari plazan egingo da, Beharzana frontoiaren ondoan. Parrilan egingo da berdela eta horretaz Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiakoak arduratuko dira. Ateratzen den dirua Behar Zana pilota elkartearen alde izango da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!