Amasamendiri buruzko mahai parte hartzailearen bilera, gaur

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 11a, 09:34

Amasa-Villabonako udaleko Ingurumen sailak antolatuta, Amasamendiko kudeaketaz arduratzen den lan mahai ireki eta parte hartzailearen bilera 19:00etan egingo dute.

Gipuzkoako beste herri gehienekin alderatuta Amasa-Villabonak aberastasun natural handia du: herriko inguru natural adierazgarriena, Amasamendi, herriarena da, jabego publikokoa. Aukera asko ematen ditu horrek, Ander Goikoetxea Ingurumen zinegotziaren esanetan. «Gaurko erabakiek garrantzia handia izango dute biharko mendian». Amasamendiko kudeaketaz arduratzen den lan mahai ireki eta parte hartzailea martxan jartzea erabaki du udalak legealdi honetan eta bigarren bilera egingo dute gaur, 19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan.

2011-2015 legealdian martxan jarri eta 2016an, «aho batez eta alderdien arteko adostasun handiarekin» onartu zen Amasamendia Herri Onurako Mendiaren Antolamendu Plana. Goikoetxearen esanetan udalak mendiaren kudeaketarako duen erreminta nagusia da. «Dokumentuan zehazten da zeintzuk diren lur higakorrak, zeintzuk diren esplotaziorako egokiak izan daitezkeenak eta zeintzuk larre erabilera izango dutenak. Mendia ondo sailkatuta ageri da, eta aldi berean, babestu beharreko interes bereziko guneak ere bereizten dira».

Basogintza eta abeltzaintza dira Amasamendian egiten diren jardueretako batzuk, baina herri osoaren ondarea den neurrian gainerako herritarrek ere erabiltzen dute ingurunea. Elkarbizitza arazoak ere badakartza egoera horrek. «Adostasun zabala lortu eta kontziente izan behar dugu gure erabilerak zein ondorio dituen ingurumenean. Erregulatu egin behar dugu». Gaur egingo den bileran, besteak beste, Komizar parkearen inguruan agertzen den zabor pilaketaz hitz egingo dute eta herri bide eta itxituretan egin beharreko lanak ere aipatuko dituzte.

AMASAMENDIRI BALIOA EMAN

Gaur egun ez da ekimen gehiegi antolatzen Amasamendin. Aizkardik antolatzen duen mendi martxa, BTT martxa edota maiatzaren 1ean egiten den larre irekiera dira ekitaldi nagusiak. «Interes ekologikoagatik babestu beharrekoa bermatuta dago, legez jasota eta araututa. Hortik aurrera kontziente ote gara herritarrak denona den ondarearen balioaz?», galdetu du Goikoetxeak. «Martxan jarri dugun lan mahai irekiarekin horretarako bidea zabaldu nahi dugu. Amasarrek eta billabonatarrek erabakiko dute zein balio turistiko eman Amasamendiri, zenbateraino bihurtu aisialdi gune edo nola baliatu ondarea hezkuntzarako, ingurumenaren balorea etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko».

Gaurko bileran ondarearen inguruko proiektuak lantzeko asmoa dute. «Ondare geologikoa, arkeologikoa eta naturala identifikatu eta informazioa biltzeko neurriak aztertuko ditugu eta mendiaren kudeaketatik eratorritako ondareaz ere arituko gara». Izan ere, etengabe eraldatzen joan den ingurunea da mendia Goikoetxearen ustetan: «XVII. mendean herrian egur falta sumatu zutenean haritz eta pagoen landaketa bat egin zuten, etxeak eta altzariak egiteko egurra beharko zutela aurreikusi zutelako; XX. mende hasieran, berriz, paper industriak paisaia erabat eraldatu zuen eta pinudiak ekarri zituen. Pinuaren esplotazio fase horren amaieran gaude orain eta etorkizunari begira jartzeko unea da».

Aurtengo udal aurrekontuan 15.000 euro gorde ditu Amasa-Villabonako Udalak mahai parte hartzailean erabakitako ekintzak aurrera eramateko. Ingurumen zinegotziak gai hauetan interesa duten herritar eta eragile guztiak gonbidatu ditu gaurko bileran parte hartzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!