Lagun baten hitzak dira, baina ezagun eta kontsultatik pasatako emakume nahiz gizonezko ugariren hitzak izan daitezke. Erditzea eta bere ondorena asko idealizatu ohi den gaia da. Batzuetan, pelikulek edo medioek. Besteetan, guk geuk. Espektatiba edo itxaropen errealistak. Askotan errepikatzen ditut bi hitz horiek. Denok ditugu aukera berdinak erditze zoragarri bat izan edo erditze gogor bat bizitzeko. Norbere behar eta itxaropenen arabera biziko dugu hori gainera.
Izan ditut inguruan basakeriak jasandako familiak, baina beraien ustez esku onenetan zeuden eta haiengan delegatu zituzten erabakiak. Nor naiz ni orduan existitzen ez den zauria sortu eta irekitzeko? Alderantzizko kasu ugari ere bai. Prestakuntza integralak, hizketaldi luzeak eta non erditu erabakitzeko hausnarketa ugari. Azkenean zesarea. Egin dugun guztia alferrikakoa izan da. Edo ez.
Erditzea ordu batzuetatik egun batzuetara luza daiteke. Bada garrantzirik ematen ez dionik. Neurozientziak argi azaltzen du ordea. Bizipena bera nola bizi izan dugunaz gain, ondoren datorren etapa luze eta lantsu baten abiapuntua da erditzea. Erditzetik indartsu irten den familiak modu batera biziko ditu lehen orduak, lehen asteak, lehen hilabeteak. Erditze gogorra bizitu duenak berriz beste batera. Indartsua ez izatea. Bultzatzen ez jakitea. Istorioaren oroitzapen nekeza izan eta txikiaren lehen orduak nahaspila batean bizi izanaren karga.
Erditu berri zen emakume baten testigantza dut buru eta bihotzean: Alazne, nik ez nuen hartu ere egin, ez nuen nire semea hartu nahi, emaiozue aitari erregutu nuen. Bizi berri zuen hura amaitzea soilik nahi zuen emakume indartsu hark. Hortik aurrera zer? Denbora, espazioa, entzuten jakin, hor egon. Gogorra izanagatik, zoragarria da emakume horrek hori kontatzeko askatasuna izatea. Zer espero zen berari buruz, bere biziko momentu garrantzitsu eta hunkigarriena bizitzea? Ez zen hala izan ordea eta hor abiatu zen erreparazioa.
Erreparazioa amarentzat, erreparazioa haurrarentzat. Bere amarekin egon ez zen kumea aitaren beso goxoetan babestu zen. Lehen segundo eta minutuetan bizi ez zuten goxotasuna, ondorengo ordu eta urteetan erreparatu izanaren lasaitasuna. Politikoki zuzena ez izateko askatasuna. Hori ere falta baita. Askatasuna, bakoitzak behar duena bere moduan hitz egin eta kontatzeko. Askatasuna, gauzak desio ez bezala bizi izanaren mina sentitzeko. Askatasuna, prest sentitzean emozio eta sentsazio horiei hitzak jarri eta profesionalen laguntzaz lantzeko.
Urteek aurrera egin arren, informazio asko eduki arren, badirudi badagoela eta kalean halako termometro bat: eder eta seguru bere erditu berriarekin kalean gora eta behera paseatzen den emakumea punta batean, zauriak eta edoskitzeko arazoak medio hilabete ohean daraman emakume ausart baina itzalia bestaldean.