400.000 euro herritarren esku, zein inbertsio egin erabakitzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 2a, 14:37

16 urtetik gorako amasa-billabonatarrek izango dute parte hartzeko aukera. Elkarteek eta alderdi politikoek ere proiektuak aurkezteko ahal izango dituzte. 

Amasa-Villabonako Udalak 400.000 euroko inbertsioa herritarren esku utzi du. "Herritarrek parte hartze zuzenarekin hartutako erabakiak askoz hobeak direla pentsatzen dugu", azaldu du Beatriz Unzue EH Bilduko alkateak. Alboan Maite Izagirre EAJren eta Maria Luisa Arija PSE-EEren hautetsiak zituen EH Bilduren alkateak. Izan ere, ekimena udalbatza osoak jarri du martxan, Herritarren parte hartze batzordearen bidez.

  • Zer izango da herritarrek aukeratu ahal izango dutena?

Hainbat proiektu edo egitasmo egongo dira aukeran. Proiektu bakoitzak bere azalpena, irudia eta aurrekontua izango du eta herritarrek proiektu ezberdinak aukeratu ahal izango dituzte. Beti ere, 400.000 euroko aurrekontua gainditu gabe.

  • Nortzuk parte hartu ahal izango dute?

Amasa-Villabonan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak. Horiez gain, elkarte nahiz alderdi politikoek ere euren aukera izango dute proposamenak egiteko. 

  • Proiektuak aurkezteko epea: Martxoak 9-29

Bete beharreko baldintzak betetzen dituzten proiektu proposamenak, aukeratzeko egongo diren proiektuen artean txertatuko dira. Proposamenek bete beharreko baldintzak: Azalpen zehatza, proiektuaren justifikazioa eta aurrekontua definituta egotea. Horretarako udalak inprimaki berezi bat jarriko du herritarren eskura. Inprimakia udaleko arreta zerbitzuan edo www.villabona.eus webgunean eskuratu ahal izango da.

  • Udalak proposamen guztiak aztertuko ditu apirilaren 19rako

Udalak, bere teknikarien bidez proposamenen bideragarritasun ekonomikoa, araudia edo legedia errespetatzen duen egiaztatuko du, beste hainbat xehetasunekin batera. Proiektua aurkeztu duten guztiei erantzun bat emango zaiela baieztatu dute.

  • Informazioaren zabalpena: maiatzak 11-17

Behin aukeratzeko izango diren proiektu edo egitasmoen zerrenda erabakita, herritarrei informazioa zabalduko zaie. "Helburua herritar guztiek galdeketaren informazio objektibo, garden eta erraz ulertzeko modukoa" jasotzea izango dela jakinarazi dute.

Udalak aldizkari berezia argitaratuko du eta herriko etxe guztietara banatuko du. "Horrekin batera ahalik eta tresna eraginkorrenak erabiliko dira herritarrek prozesuaren berri izan dezaten", gaineratu dute udaletik.

HERRI GALDEKETA

  • Bozkatzeko epea: maiatzak 22-31

Herritarrek bozka emateko bi modu izango dituzte:

  1. Bozketa telematikoa: maiatzak 22-31 : Herritarrek telefono mugikorrerako AMAVI App aplikazioan bozkatu ahal izango dute. 
  2. Bozketa presentziala: maiatzak 25-31 : Udaletxeko herritarren arreta bulegoan hautestontzia eta boto-paperak egongo dira. Bulegoa astean zehar arratsalde batez eta larunbata eta igande goizean irekita egongo da. 
  • Bozketen kontaketa. Maiatzak 31 

Udal Idazkariaren eta Herritarren parte hartze Batzordeko ordezkari politikoen presentziarekin egingo da kontaketa. Horrez gain, ekitaldi publikoa izango dela azaldu dute udal ordezkariek, "herritarrek ikusle gisa parte hartu ahal izango dute".

  • Emaitzaren berri: ekainak 1

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!