Gutuna

Kritika, Villabonako EAJk

Ataria 2020ko ots. 20a, 09:00

EAJren udal taldeak herritarren parte hartze prozesu bat martxan jartzeko proposamena babestu zuen, udalerriko kolektibo eta pertsona ezberdinek partida ekonomiko batzuen azken helmuga erabaki ahal izan zezaten.

Urtarrilaren 22an lehen batzar ireki batekin hasi behar zen prozesua, eta ez zen egin. Arrazoia ez zitzaion inori jakinarazi. Ondoren, gure udal taldeak jakin zuen, jada egin zenean, batzarra urtarrilaren 29an izan zela (gaur badakigu deialdia porrota izan zela). Alkatetzatik, eta hau gero eta ohikoagoa den praktika bat da, ez zitzaien ezer jakinarazi EAJ eta PSEko zinegotziei. Adostasuna lortu nahi duen prozesu bat abian jartzeko modu polita. Hori gutxi balitz, alderdi politikoak ez ziren bilerara deituak izan; Behar Zanako ordezkariak ere ez zituzten gonbidatu; Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzakoak ere ez; Odol Emaileen Elkartekoak ere ez. Beraz, galdera argia da: Norekin adostu nahi da deialdia ere egiten ez bazaie?

Desantolaketak nagusi izaten jarraitu du, eta hurrengo bilera, otsailaren 13rako aurreikusitakoa, bertan behera geratu zen, «talde gutxik baieztatu zutela» argudiatuz. Eta horrela abiapuntura itzultzen gara: nori deitu zitzaion? Nola? Alderdi politikoei ez; Tira, zentzugabekeria bat. Azkenik, bilera otsailaren 17rako deitu zen (Elkarrekin Podemos eta beste eragile batzuk ere ez ziren deituak izan). Beatriz Unzue alkatea ez zen bilerara joan (honi buruzko azalpenik ez zen eman).

Akordioak lortu nahi direla esaten da, baina Bilduk EAJk udal aurrekontuei prestaturiko zuzenketei uko egin zien eta ez ziren gai izan lehenago gurekin biltzeko. Nahi adina proposamen egin ahal izango direla esaten da, baina alkatetzak ez ofizialki adierazten du «2 edo 3 proposamen» baino ez direla sartuko; eta, amaitzeko, Bilduk dagoeneko iragarri du prentsan «herritarren» proposamen horietako bat: Larreako parke estalia, 210.000 euroko kostuarekin. Ariketa demokratiko handia. Herritarrek erabaki baino lehen udal gobernuak erabaki!

Horregatik, EAJren udal taldetik eskatzen dugu, aurrerantzean, parte hartze prozesua informazio eta seriotasun maila handiagoarekin garatzea eta herritarren benetako parte hartzeak behar dituen berme guztiak izatea.

Maite Izagirre, Amasa-Villabonako EAJ

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!