Amasa-Villabonako saltokien %87 da zerbitzua euskaraz emateko gai

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 12a, 19:59

Amasa-Villabonako Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak herriko saltokietan euskara indartzeko lanketa egin dute.

Villabonako saltokietan euskara indartzeko lanketa garatu dute Amasa-Villabonako Udalak eta Galtzaundi elkarteak. Guztira, herriko 119 saltokik duten egoeraren azterketa egin dute eta emaitzak «nahiko positiboak» izan dira: Villabonako saltokien %87an bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait.

2018an egin zen Euskaraldiaren lehenengo edizioaren atarian hasi zen Galtzaundi Euskara Taldea udalarekin elkarlanean Amasa-Villabonako saltokietan euskararen gaia lantzen. Guztira 111 saltoki bisitatu zituzten orduan, hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitearekin batera, Euskaraldia aurkeztu eta saltokiak ekimenean parte hartzera animatuz.

2019an jarraipena izan du hirugarren sektorean euskara indartzeko egitasmoak. Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak, «beste hainbat herritako esperientziek erakusten baitute banan banako bisita hauek emaitza positiboak ekartzen dituztela».

Hala, lehendabizi, egoeraren diagnostikoa egin dute 119 saltokitako egoera kontuan hartuta, eta ondorioztatu dute, Villabonako saltokietako arduradunen %70a dela euskalduna. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa da. Villabonako saltokietako 263 langiletik %76 da euskalduna eta beste %11 euskara ulertzeko gai da. Beraz, egoera Tolosakoaren parekoa da: saltokietako langileen %87k ulertzen du euskara, eta %87etan bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait. Villabonako establezimenduen euskara gaitasuna Villabonako eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatuta, batez bestekotik gora dago, billabonatarren %80k eta Tolosaldeko biztanleen %84k ulertzen baitute euskara.

LAGUNTZA ETA ZERBITZU GIDA

Bestetik, Amasa-Villabonako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu du saltoki guztietan. Honekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura. Euskara zerbitzuko eskaintzaren (karteldegia, euskaldun- tzea, itzulpenak, arlokako hiztegiak…) berri eman ondoren, %30ek eskaeraren bat egin dute beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko.

«ERABILGARRIA»

Egindako lanaren balantzea egiteko, saltokietako langileei eta arduradunei zuzenean galdetu zaie eskainitako aukeren eta zerbitzuen inguruan. %95ari erabilgarria edo lagungarria izan zaie zerbitzua eta eskertu egin dute aurrez aurreko presentzia eta laguntza. Merkatarien motibazioari dagokienez, oro har, merkatariak «oso aktibo» sentitu dira egitasmoarekin.

Landa lana burutzerako orduan, merkatariek egindako harrera eta eskainitako erraztasunak eskertzekoak eta nabarmentzekoak izan direla azaldu dute Amasa-Villabonako Udaletik. «Saltoki batzuk aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!