Udal gobernuak oposizioarekiko errespetu falta duela uste du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 11a, 10:32

Maria Luisa Arija bozeramale sozialistaren ustez, oposizioa "isilarazteko" nahia du udal gobernuak,  "alderdiek beren lana egin ez dezaten eta gobernuaren lana fiskalizatu ez dezaten".

Legealdia abiatu zenetik sei hilabete pasa direnean balorazioa egin du Amasa-Villabonako PSE-EEk. EH Bilduren udal gobernuak, eurak bezala pentsatzen ez dutenak "ito" nahi dituela uste du Arija zinegotziak, horretarako "rodilloa" inposatuz. "Zinegotziok kobratzen ditugun dietak gutxieneko mailara jaistea izan zen aurreneko erabakia eta orain udal batzordeak mahai informatibo bihurtu nahi dituzte".

EH Bilduren "gertuko" diren elkarteentzako diru laguntzak txarretsi ditu PSE-EEren udal taldeak eta Udalbiltzaren adibidea jarri du horretarako: "Ez dakigu zertara bideratuko den diru, baina seguru gaude erakunde horrek ez dituela Villabonan ekintzak antolatuko".

2020ko aurrekontuan etxebizitza politikara bideratutako diru saila ere ez du begi onez ikusten Arijak, "ez baita proposamen zehatzik aurkeztu". Zinegotzi sozialistaren ustez etxebizitza eta garapen ekonomikoa "oinarrizko" bi arlo dira, gazteak herrira erakartzeko eta Villabonaren etorkizuna bermatzeko. Ezer ez egitea eta "lidergo falta" egotzi dizkio EH Bilduren udal gobernuari. Ekonomia suspertzeko plangintza baten beharra azpimarratu dute sozialistek, enpresak erakarri eta lan merkatua mugiarazteko.

Emakumeon Txoko Morearen inguruko iritzia ere aipatu du PSE-EEko udal taldeak. Udalak lokala alokatu eta Lurgatz talde feministaren esku utzi izana, "aldebakartasunez" hartutako erabakia izan dela dio eta "inongo gardentasunik gabe" hartutakoa. Udala eta talde feministaren artean hitzarmenik ez dela sinatu aipatu du Arijak, "oposizioak eta Gizarte Zerbitzuetako teknikoek behintzat ez dugu horren berri". Emakumeentzako eztabaida eta gogoetarako gune bat sortzearekin ados dago alderdi sozialista, bizitzako arlo guztietan gizon eta emakumeen arteko berdintasunean eragiteko modu dela uste du, baina horretarako pentsatzen du udalak kudeatu behar duela, Lurgatzekin batera, Emakumeon Txoko Morea. "Udalak bultzatutako politika feministak garatzeko gune bat izan beharko luke, eta bertan ekintzak ez lituzke, soilik, Lurgatz talde feministak antolatu beharko", dio Arijak.

Udal gobernuaren jarrera "iluna" ere salatu du zinegotzi sozialistak. Kontratu baten sinadura "presazkoa" dela iritzita, gobernu batzordea modu urgentean deitu eta beharrezko dokumentazioa eta informazioa aurkeztu gabe azken erabakia alkateak hartzea kritikatuz. Jarrera "larderiatzailea" egotzi dio EH Bilduri, aurreko udal gobernuak hasi eta onartutako proiektuak bertan behera uzten dituztelako, "inongo alternatibarik aurkeztu gabe eta kostu ekonomikoari erreparatu gabe".

Umeak haur eskolan matrikulatuta dituzten eta 30.000 eurotik beherako errenta duten familientzat onartutako diru laguntzak dira PSE-EErentzat neurri "positibo" bakarra. Aurreko urtean alderdi sozialistak egin zuen eskaera mozio batean eta 2019ko aurrekontuan txertatu zuten diru partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!