Emakumeei bideratutako lokala izango da Txoko Morea

Jon Miranda Labaien 2020ko ots. 5a, 11:29

Amasa-Villabonako Udalak alokatu du lokala Errota auzoko 4. zenbakian eta Lurgatz talde feministak kudeatuko du, bi aldeek akordio bat adostu ostean

Villabonako Errota auzoko 4. zenbakian egongo da Emakumeen Txoko Morea. Astelehenean aurkeztu zuten eta laster egingo dute inaugurazio festa. Emakumeak topatzeko, hausnartzeko, formatzeko, salaketak egiteko, elkar laguntzeko, harrerak egiteko, artikulatzeko eta aliantzak gauzatzeko espazioa izango da. Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek nabarmendu duenez, «norbanakoen ahalduntzea, jendartearen eraldaketa feminista eta elkarbizitza parte hartzailea bultzatu nahi da, bizitza jasangarria sustatuz».

Emakumeen Txoko Morea, leku inklusiboa, segurua eta anitza izango da, konfiantzazkoa emakume guztientzat. Edozein alderdi edo mugimendu politiko, talde eta entitateekiko independentea, baina aldi berean, feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakume eta talde guztientzat erreferente izango da. Txoko feminista izango da eta udalerriko berdintasun-politika publikoetan eragiteko bokazioa izango du. Lokalean dauden espazioak malguak eta moldagarriak izango direla aurreratu dute eta sormena, hausnarketa, eta batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatuko dituztela bertan: «Ikasteko leku bat izango da; emakumeok beste emakumeek irakatsitakoa ikasiko dugu eta denok izango dugu gainerakoei zer irakatsi. Txoko erosoa izango da, dibertsiorako eta pozerako lekua, errespetua eta ekitatea oinarri izango dituena».

Printzipio hauekin bat datozen ekintzak antolatzen dituzten emakumeek, eta ekintza horietan parte hartu nahi dutenek, erabili ahal izango dute txokoa. Alkateak aurreratu duenez, «feminismoa edo genero berdintasuna lantzen duten eragile eta elkarteek ere erabili ahal izango dute, nahiz eta Amasa-Villabonako taldeak ez izan».

Emakumeen Txoko Morea Amasa-Villabonako udalak emakumeei bideratutako lokala izango da, eta gaur gaurkoz, Lurgatz talde feministak izango du lokala kudeatzeko ardura. «Hala ere, aldaketak egonez gero, araudia moldatzeko aukera zabalik geratzen da», azpimarratu du Unzuek. Horretarako, udalaren eta Lurgatzen oniritzia beharko dela aipatu du. Espazioa erabiltzeko eskaerak lurgatztaldefeminista@gmail.com helbidean egin beharko dira eta norbaitek presentzialki beraiekin harremanetan jarri nahi badu, taldea asteartero bilduko da 19:30ean.

ASPALDIKO ESKAERA

Amasa-Villabonako Udalak «oso positiboki» baloratu du herriko talde feministarekin akordioa lortu izana eta hemendik aurrera mugimendu feministaren elkargune eta erreferentea izango den espazio berri eta inklusibo honen sorrera. «Udal gobernu honen lehentasunetako bat da genero berdintasunaren bidean, politika feminista aktiboak garatzea eta aurkezten dugun espazio honen irekiera aurrera pauso bat izango da norabide horretan».

Ez da lehen aldia mugimendu feministak espazio baten eskaera luzatzen diona udalari. Asteleheneko agerraldian herriko feministek nabarmendu zutenez, Hutsunea Betez taldeak 2008an egin zion lehen aldiz eskaera udalari. 12 urte behar izan dira akordioa lortzeko. Mugarria izan zen 2018ko martxoaren 8ko greba feminista. Herriko adin eta ideologia ezberdinetako hainbat emakume elkartu baitziren deialdiaren harira eta urte hartako maiatzean egindako jardunaldiaren ondoren sortu baitzen Lurgatz talde feminista.

Bere jarduna egonkortu zuenetik, taldeak behin baino gehiagotan aldarrikatu du bere ekimena duintasunez garatu ahal izateko espazio bat eta protestak ere egin izan ditu behar hori azaleratzeko. Aurreko legealdian nabarmenak izan ziren udal gobernuaren eta Lurgatzen arteko tirabirak. Udal gobernu berriak eskaerari «bide ematea» erabaki du eta talde feministarekin erabilera araudi bat adostu du. Aurkezpen ekitaldira bildu ziren Lurgatzeko kideak, Beatriz Unzue alkatea, Arantza Lopez berdintasun zinegotzia eta Amaia Irazusta EAJko zinegotzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!