Aitortza egin diete nazien biktimei

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 28a, 20:00

Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza batzordeak holokaustoaren biktimak oroitzeko egunean ekitaldia antolatu du nazien eskutatik pasatako bederatzi herritarrak oroitzeko

Hiruki gorria sinbolo antifaxista da,  eta hain zuzen, hirukia osatu zuten atzo arratsaldean, Villabonan, Berdura plaza eta Kale Nagusiko bi punturen artean, holokaustoaren Amasa-Villabonako biktimak oroitzeko. Bederatzi herritarrek ezagutu zituzten kontzentrazio eremuak eta zazpik bizirik ateratzea lortu zuten. Adolfo Lozano Olazabal erail egin zuten eta Alberto Beafort Barrengedo, berriz, betirako desagertu zen. Hirukia krabelin gorriz lotu zuten atzo. 
 
Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza batzordeak holokaustoaren biktimak oroitzeko egunean antolatu zuen ekitaldia, 75 urte bete baitziren atzo erregimen naziak eraikitako Auschwitz kontzentrazio eremua askatu zuela sobietarren armada gorriak. Berdura plazan adierazpena egin zuten batzordearen izenean EH Bilduko Beatriz Unzue alkateak, Maite Izagirre EAJko zinegotziak eta Maria Luisa Arija PSE-EEkoak. Ekitaldiarekin biktimei «merezitako aitortza» egin nahi izan dietela aitortu zuten udal ordezkariek, jakinik ekimen xume horrekin ez dutela biktimen «samina eta bizi izandako injustizia» gutxiagotuko.
 
Juduak, sozialistak, anarkistak, komunistak, homosexualak, ijitoak edo eslaviarrak izateagatik, Europa osoko milioika lagun bahitu eta erail zituzten Hitlerren agindupean, «historian izan den gizateriaren aurkako krimenik handiena burutuz». Bederatzi billabonatarrek pairatu behar izan zuten egoera hori eta horietako bi ez ziren bizirik atera: Alberto Beaufort Barrengedo 1945ean libre geratu zen AEBko armadak Mauthauseneko kontzentrazio eremua askatu ondoren, baina orduz geroztik ez da bere berri izan; Adolfo Lozano Olazabal, berriz, Gursen erail zuten, 1941eko azaroaren 7an. 
 
Atzo Lozanoren senideak izan ziren Villabonan, haren alaba, biloba eta birbiloba. «Ez dakizue zenbateko esanahia duen honek guztiak niretzat, bihotzez eskertzen dizuet. Bada garaia gertatu zena jakiteko», aipatu zuen ekitaldiaren amaieran Adolforen alaba Conchik. Bere aitaren jaiotetxearen atarian jaso zituen lore sorta eta oroigarria alkatearen eskutik.
 
Unzuek Amasa-Villabonako Aritza kultur elkartearentzako esker hitzak izan zituen, «informazio hau guztia eta askoz gehiago lortzeko egindako lan mardulagatik». Kontzentrazio esparruetan eraildako pertsonen jaiotetxeen aurrean aitortza plaka bat lurzoruan jartzeko ohitura dago Alemanian eta Aritza kultur elkarteko kideek berdina egin zuten Amasa-Villabonan 2015ean. Plaka bana jarri zituzten Alberto Beauforten jaiotetxearen parean, Kale Nagusiko 9. zenbakian eta Adolfo Lozanoren jaiotetxe parean, Kale Nagusiko 57. zenbakian. Plakaren gainean, aitortza gisara, herritarrek krabelin gorriak utzi zituzten atzo eta dantzariek agur bana dantzatu zuten, hirukiaren bi erpinetan. 75 urte geroago memoria antifaxista berrituz. 
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!