"Tradizioa transmisioa da, berritzen ez bada ez da existitzen"

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 24a, 19:59

Amasako elizan, 20:00etan saio akustikoa eskainiko du bihar Ixiar Jauregi eta Errege Belda musikariekin batera; Euskal Herriko musika eta soinu tresnak hartuko dituzte ardatz.

Pozik agertu da Juan Mari Beltran (Donostia, 1947), bi urte pasa eta gero, berriro ere, Amasan aritzeko aukera izango duelako. Azkenekoan Hots larretan diskoa aurkeztera etorri zen. Aspalditik ezagutzen du tokia, ordea, 30 urte inguru eman zituelako sanmartinetan oilasko biltzaileekin batera, musikari.

Zuentzako gustuko plaza da Amasakoa.

Bai. 2018an Hots larretanizeneko emanaldia eman genuen elizan. Kontzertua prestatua genuen talde handiago batekin emateko baina hirukote formatuan gerturatu ginen. Oraingo honetan beste errepertorio bat eskainiko dugu.

Nondik nora ibiliko zarete?

Euskal Herrian zehar ibiliko gara. Pirinioetan zehar eta albokarien lurralde horietan egingo dugu itzulia, Bizkaiko Arratian eta Gipuzkoako Goierrin ibiliko gara. Tradiziotik jasotako piezak izango dira eta gutxiago guk sortutakoak.

Iaz kaleratutako 'Kostaldeko soinuak' diskoko kanturen bat entzungo da?

Bai. Enkargu bat egin ziguten Pasaian antolatutako itsas jaialdi baterako. Kostaldearekin lotutako errepertorioa eskaini genuen kontzertu batean eta handik diskoa etorri zen. Bertan jasotako kanturen bat ere izango da biharko emanaldian.

Kontzertu didaktikoa izango da. Zer nolako soinu tresnak aurkeztuko dituzue?

Aurrekoan txistua entzun ahal izan zen eta oraingo honetan ere bai, eta horrekin batera txirula eta ttunttuna. Duela bi urte, adibidez, ez genuen zarrabetea jo eta oraingoan nahi genuen sartu. Bihar txalapartaren aldaerak entzun ahal izango ditugu, kirikoketa, esate baterako. Euskal doinuak eta hotsak ekartzen saiatuko gara.

Urtetan egin duzuen bilketa dago atzean.

Horretan hasi ginen aspaldian. Oso abentura polita izan da. Nire bizitzan hori izan da nire gogoa. Askotan esaten didate zenbat lan egin dudan, baina disfrutatu ere asko egin dut. Bildu, ikasi, grabatu... horretan ibili naiz, musikan balore asko ikusten baititut. Gauza hauek denak erakutsita ekarpen handia egin dezakegula iruditzen zait. Gaur egun, musika berrietan askotan agertzen dira tradiziotik hartutako forma, erritmo eta hotsak.

Tradizioa berritzen ez bada ez da existitzen. Tradizioa transmisioa da: guk jasotakoa besteei eman. Bihar Amasako elizan ariko diren musikariak nirekin ikasi zuten, orain beraiekin ari naiz eta egiten dugun horretan beraiek ere eragiten dute. Hori da transmisioa, beti berritzen ari dena.

Zein publikorentzat izango da egokia kontzertua?

Ez da publiko jakin batentzat prestatutako errepertorioa. Berdin-berdin balioko dio jende gazteari edo helduari. Bakoitzak modu diferentean baina bere modura jaso dezakete guk eskainitakoa. Batzuk, ezagutu dituztelako tradizio horren zantzuak eta beste batzuk orain deskubritzen dutelako.

Nola gonbidatuko zenuke jendea biharko kontzertura?

Jendea joan dadila gauza ezagunak entzutera, baina baita buru zabalik ere gauza berriak jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!