Apirila bitarteko antzerki egitaraua prestatu dute Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 23a, 19:59

Haurrentzat hiru saio izango dira eta beste hainbeste helduentzat; Bonua erosten dutenek merkeagoa izango dute emanaldietako sarreren prezioa.

Amasa-Villabona Amasa-Villabonako Udalak garrantzia berezia ematen dio herritarrei zuzendutako kultur eskaintzari eta eskaintza horren barruan antzerki programazio «anitz eta zabala» osatu du. «Kulturan inbertitzea, herritarren ongizatean inbertitzea delako», adierazi dute udal ordezkariek.

Aurreko urtarrilaren 12an abiatu zuten programazioa Txalo Produkzioak taldearen Ene Ba! izeneko antzerki lanarekin eta apirila bitartean, hainbat igandeetan izango dira saioak, Gurea zinema aretoan guztiak.

Amasa-Villabonako kultura sailak eskaintza berezia egin du eta Zaldi Urdina eta La Mudanza antzerki lanetarako bonua atera du, 15 euroan. Apirila bitartean izango diren haurrentzako hiru emanaldietarako bonua eskuratzeko aukera izango da. Gurea aretoko leihatilan eskuratu ahal izango da, 11 euroan.

Antzerki programazioa

Urtarrilak 26, igandea

17:00. Hiru urtetik aurrerako umeentzat euskaraz Azken Balea antzerki lana eskainiko du Tomaxen Abenturak taldeak. Joxerra Fachado eta Oihana Maritorena ariko dira taula gainean.

Otsailak 16, igandea

19:30. Zaldi Urdina helduentzako antzerkia ikusteko aukera izango da. Ximun Fuchsek zuzendu du obra eta Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alkala, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide aktoreek hartuko dute parte.

Martxoak 22, igandea

17:00. Giramagic taldeak Hai, Ametsen arrantzalea izeneko obra eskainiko du, 3 eta 9 urte artekoentzat.

Martxoak 29, igandea

19:30. Perigallo teatro taldeak La mudanza antzerki lana eskainiko du gaztelaniaz. Joao Motak zuzendutako obra da eta Celia Nadal eta Javier Manzanera aktoreak ariko dira obra honetan.

Apirilak 5, igandea

19:30. Txalo Produkzioak taldeak Losers helduen antzerkia eskainiko du euskaraz. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak ariko dira obra honetan.

Apirilak 26, igandea

17:00. Glu-glu antzerki taldeak euskaraz eskainiko du Marierrauskin lana, 3 eta 8 urte arteko umeentzat prestatutako antzerki obra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!