Saharako janari bilketa otsailaren 1era arte luzatuko da Villabonan

Ataria 2020ko urtarrilaren 23a

Oria merkatari elkartearekin batera, bilketa berezia antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak Malkar plazan.

Amasa-Villabona Janari bilketa Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatzen du, eta Amasa-Villabonan, Fleming herri eskolak, Zubimusu ikastolak, Oria merkatarien elkarteak eta udalak bat egin dute ekimenarekin. Kanpaina urtarrilaren 31ra arte luzatuko da eta arroza, lekaleak, pasta, olioa, sardina eta atun latak, azukrea eta konpresak bilduko dira. Amasa-Villabonan honako lekutan jarri dira elikagaiak biltzeko kutxak: Fleming herri eskola, Zubimusu ikastola, udaleko herritarren arreta zerbitzuko bulegoa, Pepi janari denda, Musturinea harategia eta Sahatsa belar denda. 

Janaria biltzeaz gain, eskolarako materiala ere bilduko da,  Tinta inprimategian, Kazetarin eta Basajaun liburu dendan egongo diren kutxetan.

Oria merkatarien elkarteak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak elkarlanean, janari bilketa berezia antolatu dute otsailaren 1ean, larunbata, Malkar plazan kokatuta dagoen supermerkatuaren alboan 09:30etik 13:30era. Bertan, Saharar herriari buruzko informazioa banatuko dute. 

Amasa-Villabonako Udalak, herritarrak animatu nahi ditu kanpaina honetan parte hartzera, «urteetako zapalkuntza eta bazterketaren ondorioz egoera humanitario larria sufritzen ari diren errefuxiatuei lagunduz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!