Azoka pedagogikoa egingo du larunbatean Fleming Herri Eskolak

Ataria 2020ko urtarrilaren 16a

Malkar plazan, urtarrilaren 18an, 11:30etik 13:30ak bitarte egingo dute. Euria eginez gero azoka Berdura plazan burutuko da. Eskolaren 50.urteurrenari lotutako ekimena izango da.

Urte hauetan, eskolako egunerokoan erabilitako metodologiak hainbat aldaketa bizi izan ditu eta Azoka Pedagogikoaren bitartez gaur egungo eskola kalera jaitsi nahi dute. Azken urteetan, lanketa handia egin dute eskolako jarduna ikasleen interesetara eta egungo errealitatera egokitzen eta berrikuntza asko dituzte erakusteko.

Eskolan egunerokoan erabiltzen dituzten proiektuak 5 gune hauetan aurkeztuko dituzte: xakea, hizkuntza, robotika, matematika manipulatiboa eta Haur Hezkuntzako guneak. Hauez gain, bertan izango dira guraso elkarteko kideak ere, eskolaz kanpoko ekintzen berri emanez eta urteurrena dela eta, betiko moduan, jasangarritasuna bermatuz, kotoi organikoz egindako azken kamiseten eskaerak jasoz. Nahi duenak bertan izango ditu erakusgaiak neurri egokia aukeratu ahal izateko. Eta azokari amaiera emateko Eko Talokoek haurrekin talo tailerra egingo dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!