GOGO ETA GORPUTZAK

Azkura

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2020ko urt. 11a, 05:58

Azkura. NAIARA SARASKETA

"Azkura. Maiz dut azkura. Batzuetan jazten dudan arroparen arabera dela iruditzen zait. Lehen begiratu batean alua gorri dut, oso narritatuta baina ez du gaizki usaintzen. Zer ote? Harreman sexualak izan ostean ere gertatzen zaidala jabetu naiz. Bai, hau ia beti gertatzen zait. Bikotekidez aldatzen dudan bakoitzean, infekzioa. Zer ote? Gainera laser bidezko depilazioa egin nuenetik izan ditudan infekzio baginalen kopurua areagotu dela esango nuke. Udan? Bai, bai! Oso sarri izaten ditut pixa infekzioak ere, uretatik atera orduko aldatzen dut bainujantzia duela urte batzuetatik hona».

Istorio bat dirudi baina istorio bat gehiago da. Testigantza bat gehiago. Sarri topo egiten dugulako koadro hauekin. Familia medikuak, emaginak edota ginekologoak artatu beharreko aferak izan arren, askotan gure kontsultan emakumeak informatu behar izaten ditugu. Izan ere badut pertzepzio arraro bat, ez dakit, agian nire irudipena da, agian zurea ere bai bukaeran esango didazu. Testigantza horri tratamendu batekin erantzun ohi zaio, beharrezkoa den tratamendua noski. Baina gertatzen zaiona ez du ulertzen emakumeak, zein den arazoaren muina, ekiditeko neurri eta gomendio falta du, informazio gabe doaz emakume gehienak botika erostera. Azaldu ez zaielako, galdetu ere egiten ez dutelako.

Kandida Albikans. Hori da emakumeok gehien izaten dugun infekzio baginalaren izena. Errepikakor eta astun bihurtzen den infekzioa kasu askotan gainera. Leukorrea edo muki jario zurixka soma dezakegu, bulba eta bagina gorrixka. Azkura. Harreman sexualetan mina senti dezakegu baina ez du usainik. Horretan ezberdintzen da Gardnerella Baginalisaz. Bigarren infekzio mota honetan deigarria da usain txarra. Gainera mukia batzuetan argixka izateaz gain, arrosa edo gorrixka izan daiteke, nahiz eta azukrea eta gorritasuna ez diren ageri.

Infekzio hauen kasuan badira arrisku faktore ezagunak: haurdunaldian estrogeno kopuru handiagoa izatea, antibiotikoak eta kortikoideak hartu izana, sistema immunologikoaren ahulaldia eta elikadura (azukre gehiago, xomorro gehiago), dutxa edo garbiketa baginalak eta horretarako ibilitako produktuak. Baginako floraren aldaketek Gardnerellaren kasuan zuzeneko eragina izango du, 4,5 goitiko pHetan agertuko delako.

Tabuak gora, tabuak behera. Xaboi miragarri eta usai goxodunak gure aluentzat. Garbitasuna. Edo gehiegizko garbitasuna? Bota begirada bat zure auzoko dendako edo supermerkatuko apal horri, geroz eta produktu gehiago dituen apal horri. Ph ezberdinak ageri dira potetxo eta oihaltxo ezberdinetan. Baina zuk eta nik pH berdina ote dugu? Hasteko, gure bulbak eta baginak pH ezberdina dute. Zikloaren momentuaren arabera ere aldakorra da beraz, nola da posible denontzat egokia den zifra bat duen produktu bat eskaintzea? Bagina medio esteril bat ez dela jakinda, berau produktu espezifikoez garbitzeko ideia erabat okerra da, horrek alteratzen baititu bertan bizi diren bakteriak eta pHa bera. Baginak berak du berezko garbiketa sistema, bere lubrikazio sistema. Edo hala behar luke izan.

Harreman sexualen kasuan ordea, bagina bereak ez diren bakteriaz bete ohi da eta hauek uretrara igo daitezke. Horregatik sarri, sexu osteko txiza infekzio errepikakorrak ditugu emakumeok. Infekzioarentzat antibiotikoak beharko ditut eta hara! Gainera infekzio baginala orain!

Zer egin dezaket orduan prebentzio gisa?

-Eskuak eta jostailu sexualak garbitu eta emakumearen lubrikazio erritmoa errespetatu; lubrikazioa egokia ez denean sor daitezkeen zauritxoak infekzio foku izan daitezke.

-Harremanak izan ostean maskuria hustu, kaltea sor dezaketen bakteriak kanporatzeko.

-Alua lehortzean, aurretik atzerako noranzkoan egin beti.

-Dutxatzean ez garbitu bagina barrua, bulbara mugatu.

-Kotoizko barruko arropa erabili eta ekidin erabat arropa estua janztea. Kirola egin ostean ere aldatu eta tarteka airatu zonaldea; esaterako, etxean eta batik bat gauez barruko arropa gabe oheratzeko ohitura hartuz.

-Salba-slip eta eskuohial hezeak ekidin.

-Hilerokoari dagokionez, hausnartu kimiko bidez zuritutako gauzak hankartean jartzeak izan ditzakeen ondorioez.

-Zaindu elikadura. Azukre gehiago, xomorro gehiago. Azukre gehiago, xomorroak indartsuago.

-Errepikakor bihurtzen diren kasuan, zabaldu bista. Digestio aparatuan ere kandida izan dezakegu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!