Legarretako zubia berrituta, Amasa-Villabonako EAJk emandako hitza bete duela esan du

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 8a, 19:57

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin komunikazio politiko eta teknikorik ez duela izan salatu du talde jeltzaleak.

Abenduaren 27an inauguratu zuten Legarreta zubia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua izan zen bertan, Amasa-Villabonako EAJko hiru zinegotzirekin batera. Udalak eta alkatetzak berriz, ez zuten agerraldiaren berri izan, eta hori dela eta kexa eta azalpen eskaera bat bideratu zuten Bide Azpiegituretako sailera.

Erantzunik ez dute jaso Gipuzkoako Foru Aldunditik baina bai Amasa-Villabonako EAJtik: "EH Bilduk ekainean udal gobernua hartu zuenetik ez du komunikazio politikorik ezta teknikorik eduki Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zubiaren egoera ezagutzeko".  EAJri "larria" iruditzen zaio EH Bilduren jarrera,"beti bezala, gezurrak esaten jarraitzea da bere jokaera, prentsa ohar faltsuak atereaz". 

Inaugurazio ekitaldiaren aurretik Amasa-Villabonako EH Bilduk gutun bat kaleratu zuen, zubia zabaldu ondoren bi auto aldi berean pasatzea ezinezkoa izatea ulertezina egiten zaiola esanez. Hori horrela izanaren argibideak eman zituen Aintzane Oiarbide diputatuak inaugurazio ekitaldian: "Proiektua udalean aurkeztu zen, eta, jakina, udal teknikariek hasieratik ezagutu zuten. Bide segurtasunaren helburu nagusia da, ibilgailuen trafikoarentzat nahiz batez  ere oinezkoentzat". Gipuzkoako Foru Aldundiak informatu du, tramitazioak uste baino luzeagoak izan direla Urak agentziak jarritako baldintzen ondorioz. Konfederazioak ezarritako mugak horiek izan dira ibilgailuen trafikorako bi norabideko zubi bat hasieratik baztertu izanaren arrazoia.

EAJren esanetan, "teknikoki zubi horren egiturak ez du ahalbidetzen beste hiru metro zabaltzea eta ekonomikoki ez litzateke bideragarria izango. Arazo bakoitzari bere neurriko soluzioa eman behar zaio. Ez da handikerietarako garaia. Lanak maiatzaren amaieran hasi ziren eta gaurdaino iraun dute. Aurrekontua 500.000 eurokoa izan da eta obra aurreikusi bezala gauzatu da". Legarretako zubiak 100 metroko luzera dauka eta hobekuntza lanen aurretik 5,6 metroko zabalera batean ibilgailuek eta oinezkoek galtzada partekatzen zuten, "horrek sortzen zituen egoera arriskutsuekin, batez ere ibilgailu astunak igarotzen zirenean". Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen obrarekin, Villabonako zubiaren taularen alde bakoitzean altzairuzko egitura bana erantsi zaio eta 7,2 metroraino zabaldu da. Hau horrela, ibilgailuarentzat 5,2 metroko zabalerako galtzada lortu da eta 2 metro zabalerako baranda batez banatutako oinezkoentzako espaloia. Zubiaren iluminazioa barandan bertan kokatutako Led motako argiekin egin da.

Amasa-Villabonako talde jeltzalearen ustez, arazo guzti hauei EH Bilduk "bizkarra" eman die orain arte, "izan ere udaletxean eta aldundiak 2011-2015 legealdian ez zuten ezer egin egoera hau hobetzeko".  EAJk esan du, haiek beti herrikidetzaren alde egingo dutela lan, Amasa-Villabonan sinesten dutelako. "EAJk emandako hitza bete du. EH Bilduk, ordea, hitz hori zapuztea besterik ez du buruan, herrian giro txarra sortuz". Obra egin ondoren, "oinezkoen eta ibilgailuen artean zegoen arazoa konpontzea biolentzia sexistari loturiko puntu beltzak ezabatzea eta zubi berri eta moderno bat eraikitzea" lortu duela esan du EAJk. "80 urteren ondoren, EAJk gobernaturiko udalak eman zion erantzuna Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Legarretako zubiari".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!