VIII. Antton Pebet Memorialak baditu irabazleak

Ataria 2019ko abe. 29a, 15:24

Atzo jokatu ziren, Villabonako Bearzana frontoian, txapelketako finalak. Gazteen mailan, Larrazabal eta Uranga izan ziren garaile; Joko Garbiko partida, berriz, De Paredes-Driolet bikoteak irabazi zuen; azkenik, nagusien mailan, Maizek eta Arbizuk jantzi zuten txapela. Arbizu, gainera, finaleko pilotari onena izendatu zuten.

Kanpoan hotz handia egin arren, berogailuen goxotasunari esker, giro bikaina izan zen, atzo, Villabonako pilotalekuan. Pilotazaleek, gainera, ez zuten huts egin, eta jaialdia aurrera joan ahala, geroz eta jende gehiago joan zen partidak ikustera. Azkenean, ikuslez lepo bete ziren harmailak.

Eskuz binakako lehen finala, gazteen mailakoa, 22-20 amaitu zen. Sekulako mailan aritu ziren bi bikoteak, eta batez ere, Larrazabal eta Alberdi aurrelariak, kalitate handiko tantoak eginez, eta etorkizun handia duten bi pilotari direla erakutsiz. Amaieran, Larrazabal amurrioarrarentzat eta Uranga azkoitiarrarentzat garaipena, Azpeitiko Alberdi eta Albizturko Etxeberriaren aurka.

Elite mailako Joko Garbia modalitateko binakako partidan, berriz, emozioa izan zen amaierara arte. Hau, gainera, ez da ohiko modalitate bat, eta aurrez ikusi gabea zuenak ere liluratuta amaitu zuen, atzo, lau pilotariek eskainitako ikuskizunarekin. Asko zegoen jokoan, Ipar Euskal Herriko 1. Mailako Txapelketako partida zelako, eta azkenean, Angeluko Hardoytarrak elkarteko De Paredes-Driolet bikoteak eskuratu zuen garaipena, Baigorriko Zaharrer-Segi elkarteko Riouspeirous anaiei 40-38 irabazi ondoren.

Jaialdiari amaiera emateko, VIII. Antton Pebet Memorialeko finala jokatu zen. Espinal eta Alduntzin izan ziren gorriz, eta urdinez, berriz, Maiz eta Arbizu. Azken hauek lortu zuten garaipena, 22-18. Markagailuan atzetik hasi ziren gerora irabazle izango zirenak. Espinal eta Alduntzin ziren faborito gehienentzat, eta hasieratik erakutsi nahi izan zuten nagusitasun hori. Hala ere, bikote urdinak markagailua iraultzea lortu zuen, batez ere, Arbizuk egindako partidari esker. Atzelariak pilota indar handiz astindu zuen, eta luze jokatzen asmatu zuen, aurkariari uneoro bizkarra erakutsiz. Gainera, berarentzat izan zen finaleko jokalari onenaren saria. Maizentzat, berriz, lehen aukera izan da ezker hormako txapelketa batean, aurrez trinketean aritu izan baita. Hortaz, onenekin batera egon daitekeela erakutsi du.

Azkenik, aipatu beharra dago sariak banatzen izan zirela Antton Pebet zenaren gurasoak, Jean Leon eta Angie, Arantxa Laskurain Behar Zana elkarteko lehendakariarekin eta Beatriz Unzue Villabonako alkatearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!