Argazki galeria

Olentzaroaren magian murgildu dira haurrak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abe. 22a, 18:24

Olentzaroaren bidea ezagutzeko aukera izan dute, gaur, 300 bat haurrek, Villabonako Etxeondo baserri inguruan. Euskal usadio edota pertsonaiak ezagutzeaz gain, Olentzero eta Mari Domingiri muxu bana eman, eta eskutitzak banatzeko aprobetxatu dute aukera.

40-50 laguneko txanda ezberdinak antolatu zituzten, eta haurrek ez dute huts egin. Gurasoen laguntzaz, arratsalde guztian zehar, Olentzaroaren bidea ezagutzeko aukera izan dute. Etxeondotik abiatu eta Arantzabira bitarte, pertsonaia ezberdinekin topatu, eta ohitura zaharrak ezagutu dituzte, ia ordubeteko iraupena izan duen ibilbidean. Euskal usadioak, koplak edo esaera zaharrak izan dira ardatz nagusiak.

Batetik, Antton, Anttoni eta Peru ezagutu dituzte, baserrian bizi den familia osatzen dutenak. Aitak ikatza ekarri ohi du menditik etxera. Gaur, ordea, bazkaltzen ari zirela, Galtzagorria etorri, eta dena lapurtu diete. "Orain neguan sartu garenean, eta urteko egunik laburrenak, ilunenak eta hotzenak datozenean, beharrezkoa dugu ikatza, sua egiteko", adierazi du Anttonek.

Ondoren, Mari bizi den basoan murgiltzearekin batera, sorginekin egin dute topo. Ezkia edota erromeroa bezalako belarrak biltzen ari ziren, gerora, sendagarriak prestatzeko. Suaren inguruan jarri, eltzera osagaiak bota, eta hitz magikoak esan ondoren, dantzan aritu dira. Ondoren, galtzagorriekin egin dute topo. Ibilbide osoan zehar, gainera, ez zen musikarik falta. Haurrek, adi-adi jarraitu dituzte pertsonaien azalpenak, txalaparta, akordeoia edota adarra entzuten zituzten bitartean.

Eta azken geldialdia, goiko baserrian egin dute. Bertan, ikazkina eta Napoleon astoa ezagutu dituzte. Gainera, suskitatu, garai batean erabiltzen zen hitzaren esanahia zein den azaldu diete: sukaldean erratza pasatzeari esaten zaio horrela; eta suskitatzean, lurrean babarrun ale bat aurkituz gero, urte osorako zoriona izaten dela ere adierazi diete bertan bildutako parte hartzaileei. Azkenean, baserri horretan, zain zituzten Olentzero eta Mari Domingi. Haurrek, haiei muxuak emateaz gain, gutunak utzi dizkiete baserri atariko saskian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!