Antton Pebet txapelketako finala erabakita

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abenduaren 21a

Gaur goizean jokatu da Antton Pebet pilota txapelketako azken finalerdia, eta honenbestez, Maiz-Arbizu eta Espinal-Alduntzin bikoteek jokatuko dute finala, hilaren 28an.

Atzo jokatu zen lehen finalerdia Amasa-Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Maiz-Arbizu iritsi ziren 22ra, Santxo-Elizegi 16 tantoan utzita. Partida ikaragarria jokatu zuten Iñaki Lizaso antolatzailearen esanetan. Eta trinketean aritzen den herritarrak partida ona jokatu zuen, etxean.

Gaur goizean jokatu da beste finalerdia, Exposito eta Lizeaga bikotea, Espinal eta Alduntzin aurka lehiatu dira. Partida oso luzea izan da, eta jo eta jo aritu dira. Lan handiko partida izan dute lau pilotariek, eta azkenean, 22ra Espinal-Alduntzin bikotea iritsi da, aurkariak 18 tantorekin utziz.

Finala astebete barru jokatuko da. 17:00etan hasiko da jaialdia gazte mailan oso ondo dabiltzan lau pilotariekin: Amurrioko Larrazabal eta Azkoitiko Uranga, eta Azpeitiko Alberdi eta Albizturko Etxebe. Bigarren partida Iparraldean jokatzen ari diren txapelketakoa izango da. Pilotari bikainak ekarriko dituzte Villabonara. De Paredes eta Driolet Angeluko Hardoitarrak taldeko bikotea izango da bata, eta bestea, Riouspeirous anaiek osatua izango da; eta hauek Baigorriko Zaharrer Segi taldekoak dira. Jaialda bukatzeko, Antton Pebet txapelketako aurtengo txapela irabazteko lehian Maiz eta Arbizu bikotea, Espinal eta Alduntzinen aurka ariko dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!