Erraustegiaren jardunagatik "kezka eta ezinegona" adierazi ditu Amasa-Villabonako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 20a, 18:30

Usurbilgo alkatearen gutunari erantzunez eta EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin, Zubietako errauste plantaren inguruko mozioa onartu dute; Udalak, bestalde, abenduaren 31n Orain Presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean egingo den manifestazioarekin bat egin du.

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak gutuna igorri zion Amasa-Villabonako alkateari joan den abenduaren 2an, Zubietako errauste plantaren gaia herriko udal batzarrera eramatea eskatuz. "Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea", eskatu zuen gutunean Solabarrietak.

Horrela egin zuen Beatriz Unzue alkateak abenduko osoko bilkuran eta udalbatzan eztabaidatzeko mozioa aurkeztu zuen, kontuan izanda Zubietako errauste planta Amasa-Villabonako herri gunetik 6-7 kilometrotara dagoela. EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin onartutako mozioan, Amasa-Villabonak udalak "kezka eta ezinegona" adierazten du erraustegiaren jardunaren eraginez herritarren osasunean eta ingurumenean sor daitezkeen kalteengatik. Bide batez, zalantzan jartzen du azpiegituraren beharra edo premia: "Gipuzkoako gizarte egunez egun erakusten ari da gizarte arduratsua dela, eta adibidez, Amasa Villabonan lortu diren birziklatze tasak Gipuzkoa osora hedatuz gero ez litzateke errausketa plantaren beharrik izango".

Aiztondoko udalak bat eginik

Amasa-Villabonako Udaleko udal ordezkariek dispertsioa amaitzea eta euskal presoak euskal herriratzea, gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoak kaleratzea eta 70 urtetik gora dituzten presoak libre uztea eskatu diete Frantziako eta Espainiako estatuei. Abenduaren 17ko osoko bilkuran, EH Bilduko eta EAJko zinegotziek babestu zuten eskaera horiek biltzen dituen mozioa.

Honenbestez, Sare herritarrak martxan jarritako Orain Presoak herri dinamikarekin bat egin eta abenduaren 31n Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik atera eta Amasa-Villabonako Errebote plazan amaituko den manifestazio isilerako deia egitea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak, Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkizako udal ordezkariekin batera. 18:30ean abiatuko da manifestazioa, Orain Presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira leloarekin.

Aiztondoko udalek euskal presoek eta beren senide eta lagunek pairatzen dituzten eskubide urraketak gaitzesten dituzte eta bi estatuei eskubide hauek bermatzeko neurriak hartzea eskatzen diete. "Herritarren gehiengoak bat egiten du aldarri horrekin eta horregatik beharrezkoa iruditzen zaigu erakunde publikoak eta herritarrak bat eginda kalera irtetea eta mobilizatzea". Une honetan euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteari ere babesa adierazi nahi izan diete Aiztondoko udalek .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!