Lehena, Euskaraldiak utzitako tokiko datuei buruzkoa izan zen, Villabonako zenbakiei azpimarra berezia eginda, herrian geundenez gero. Euskara teknikariak 40 aulki inguru jarri zituen areto nagusian kalkuluetan on samarra naiz, ustez eta horietako 7 besterik ez ziren bete. Ikustekoa zen teknikariaren begitartea. Errenkada formatuan jarri ordez, biribilean eseri behar izan genuen. Bigarrena, Euskara eta generoa gurutzatzen direnean izenekoa izan zen. Kasu honetan, eskualdeko beste herrietatik ere etorri zen jendea, teknikariaren lasaitu aurpegiak grazia eragin zidan - eta orotara, 20 lagun inguru bildu ziren.
Kontua da, bi ekimenak aintzat hartuta, nire adin-jirakoen 23 urte presentzia izan zela txikiena. Nire ustez, Euskaraldiaren hamaika egunetan zenbat txapadun izan diren aztertzea bezain ezinbestekoa da, biharamuneko egitasmoetan zenbat parte-hartzaile aktibo izan diren aztertzea. Kontzientzia emozio sozialetatik dator. Eta gure aurrekoek errepresiotik jaso zuten, guk berriz, ez dugu gatazkarik sentitzen. Horren aurrean, gazte euskaltzaleentzat kulturgintza da emozio sozial positiboak sortzeko iturria. Villabonan horren adibide gutxi ezagutzen ditut.
Eta hara non datorren hirugarren kolpea: Hitzolariak. Euskararen Egunerako propio prestatutako ariketa izan zen, eskualde mailako hitz zaharrak eta berriak pilatzeko helburuarekin. Bezperan, Whatsappez gertukoak animatu nahian aritu eta gero, han ez zen kuadrillakorik, ez kintakorik. Ezta txat bidezko erantzunik ere. Bada, dinamizatzaile bezala jardun nuen Malkar plazan, eta irakurri nituen hitzen %80 etxeko txikienen uztakoak izan ziren. Nahiko barre egin genuen Jexuxendaritza eta Fucktura bezalako ateraldiekin. Egunerokoan euskara gehien gaztetxoenek erabiltzen dute, eta hizkuntzarekin jolas egin behar den garaian, berriz ere lezioa.
Ez dakit nola kutsatu daitekeen hizkuntzarekin eta kulturarekin entretenitzearen sentsazio gozagarri hori. Ez dakit nola aldatu daitekeen desprestigioa eta pasibotasuna. Eta ez dakit etxeko txikienek irauliko duten herriko gazteen joera orokorra. Baina badakit interes handiagoa dutela eta baikorragoa naizela eurekin, gure belaunaldiarekin baino.