«Inoizko aurrekontu sozialena» onartu du Villabonako Udalak

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 19a, 11:59

EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin onartu da 2020ko aurrekontua; EAJk 26 zuzenketa aurkeztu ditu eta ia denak atzera bota dira.

Villabonako Udalak 6,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an. Aurtengoarekin alderatuta gizarte zerbitzuetako diru sailean %28ko igoera egongo dela nabarmendu du udal gobernuak eta Xabat Laborde alkateordeak azpimarratu du etxez etxeko laguntza zerbitzuan baliabide ekonomiko gehiago jarri behar izan dituztela aurten, 185.000 euro, «2019ko diru sailarekin alderatuta, %134 gehiago». Arantxa Lopez, gizarte zerbitzuetako ardura duen zinegotziak arlo honetan egindako ahalegina azpimarratu du: «Geroz eta adineko pertsona gehiago gerturatzen zaigu laguntza eske eta bakar bat ere ez dugu bazterrean utziko, azpiegiturak beharrean pertsonak jartzen ditugu guk erdigunean».

Besteak beste, politika feministak garatzeko 30.000 euro bideratuko dira aurtengo aurrekontuan eta Labordek udal sail batzuetan izango den gorakada azpimarratu du: «Euskaran %18a, kirol sailean %5a eta kulturan %3a». Udal gobernuko ekarpenetan %25eko murrizketa egin dutela aipatu du alkateordeak, besteak beste, aholkularitza orokorrean, alkatetzako dietetan eta alderdi politikoetako ekarpenetan. «Funtsezkoak ez diren gastuak kendu eta inertziagatik egiten ziren beste hainbat alboratuta, dezenteko aurrezpena egin ahal izan dugu», gaineratu du Labordek. Hauteskunde programan hartutako konpromisoak bete eta aurrekontu «orekatu eta aurrerakoia» prestatu duela aipatu du EH Bilduk.

HERRITARREK ERABAKITAKOA

Udalak 740.000 euro bideratuko ditu inbertsioetarako eta beste 400.000 euro zertan gastatu erabakiko dute herritarrek, parte hartze prozesu baten bitartez. «Herri galdeketa batean amaituko da prozesu zabal eta sakon hori eta gerakinetik jasoko da erabakitako proiektua egiteko dirua. Herritarren parte hartze batzordean saiatuko gara oposizioarekin prozesuak izango dituen metodologia eta epeak adosten».

Oposizioa eta udal gobernuaren artean adostasunik ez da egon, ordea, 2020ko aurrekontua onartzerakoan. 26 zuzenketa aurkeztu ditu EAJk eta auzitan jarri ditu EH Bilduren udal gobernuak proposatutako inbertsioetako asko. Besteak beste, argiteria berriztatzeko jarritako 50.000 euroak, etxebizitza politikara bideratutako 30.000 euroak edota Amasara joateko oinezkoentzat bidea egiteko proiektua idazteko 15.000 euroak. Beste lehentasun batzuk aipatu ditu Patxi Agirre jeltzaleak, adibidez, Etxeondoko plaza berritzearen beharra. Aurreko legealdian abiatutako proiektuei heldu eta aurrekontuan txertatzeko eskaera ere egin du zuzenketen bitartez: Txermingo aparkalekua egokitzea eta Maiatzaren Lehena estaltzea daude proiektu horien artean.

Azkeneko bi proiektu hauek ez dituztela baztertzen nabarmendu du Beatriz Unzue alkateak eta parte hartze prozesuan herritarrek horrela erabakitzen badute, 2020an gauzatuko direla gogorarazi du. Gainerakoan, jeltzaleek aurkeztutako 26 zuzenketetatik 25 atzera bota ditu EH Bilduren udal gobernuak, horietako bateren bat PSE-EEko zinegotzi bakarraren botoaren laguntzarekin.

Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu du, «herriarentzako proiekturik ez edukitzeagatik eta EH Bilduren bueltako elkarteak diruz laguntzeagatik». Udalbiltza bezalako erakundeak laguntzea, «diru publikoaren erabilera okerra» egitea dela uste du Arijak eta bere iritzian horrek erakusten du «EH Bilduk bere aldekoentzat bakarrik gobernatzen duela, interes orokorraren kaltetan».

Amasa-Villabonarako proiektu eta inbertsioak negoziatzerako orduan, udal gobernuaren borondate falta iradoki du zinegotzi sozialistak, eta are gogorrago jardun du Agirre jeltzaleak: «Udal gobernuak ez du hitz egiteko ahalmenik erakutsi, ez du gutxieneko begirunerik izan gainerako alderdiekin». EAJko udal taldearen esanetan, aurtengo aurrekontua «atzeragarria da eta ez ditu kontuan hartzen herritarren benetako beharrak». Aurreko legealdiarekin alderatuta atzera egin izana egotzi dio EAJk EH Bilduri.

Nahiz eta alderdi jeltzaleak aurkeztutako zuzenketen aurka bozkatu duen EH Bilduk, ekarpenetako batzuk barneratu ditu aurrekontuan. EAJk zuzenketa bakoitza finantzabide jakin batekin lotu du eta zioarekin ados egonagatik, ekarpena zein diru poltsatik egin adostu ez dutenez bi alderdiek, udal gobernuko kideek dagoeneko aurrekontuan txertatutakoaren aurka bozkatu dute. Egoera «paradoxikoa» dela nabarmendu du Unzuek eta mezua luzatu die jeltzaleei: «Ez zenuten eztabaidarako giroa nahi gaurko osoko bilkuran, agerian geratu da. Guk zuzenketa bakoitzaren aurka bozkatzea bilatu duzue hasieratik, erreala ez den irudi bat emateko». 

'OLENTZAROREN BIDEA', LEHEN ALDIZ

Etxeondotik abiatu eta Arantzabira bitarte, pertsonaia eta ohitura ezberdinak irudikatuko dituzte, hiru ordu laurden iraungo duen ibilbidean. Euskal usadioak, koplak edo esaera zaharrak izango dira ardatz nagusiak. Olentzero ere agertuko da eta umeek harentzako prestatutako gutunak eraman ahal izango dituzte. 40-50 pertsonako txanda ezberdinak antolatu dira abenduaren 22an, igandean, 17:00etatik aurrera. Ordu erdiro aterako dira taldeak eta azken txanda, 19:30ekoa, helduei zuzendutakoa izango da.

Amasa-Villabonan aurten, abenduaren 24an, kantu erronda bakarra egingo dute. Garazi Bengoetxea kultur zinegotziak aipatu duenez, «garrantzitsua iruditzen zitzaigun ikastetxeen arteko banaketarekin haustea. Horretarako, goizetako kantu-erronda horiek alde batera utzi, eta arratsaldean guztiak batera ateratzeko proposamena luzatu genien ikastetxeei. Baiezkoa eman ziguten eta aurrera egin genuen».

Abenduaren 24an, asteartean, 16:15ean jarri dute hitzordua Errebote plazan eta herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Plazatik, Kale Nagusian behera, Iru Aldetaraino joan ondoren, Kale Berrian barrena, Etxeondoraino joango da kantu erronda. Han batuko zaizkie Olentzero eta Mari Domingi. Berriz ere, herrigunera bueltan, Santio egoitzan geldialdia egin eta Amalurra plazan amaituko da ekimen herrikoia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!