Dantzak eraman ditu Gineara

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 18a, 11:59

Lurgi Zalakain, Amets Zalakain eta Leire Gabirondo duela hilabete izan ziren Ginean eta dantza afrikarretan sakontzeko aukera izan zuten bertako ballet konpainia baten eskutik.

Urteak daramatza Lurgi Zalakainek dantza afrikarrak lantzen eta Zumaian bizi den Marie Toure izan du irakasle. Haren eskutik ezagutu ditu, bereziki, Ginea Konakriko dantzak eta hemen irakasle hasi aurretik hara bidaiatu nahi izan du, bere iritzian, «besteei transmititzeko beharrezkoa baita dantza horiek bertatik bertara ezagutzea». Hirugarren aldiz egon da Ginean urriaren 21etik azaroaren 6ra, eta aurrez apirilean bezala, oraingo honetan ere Konakrira lagundu diote Amets Zalakain ahizpak eta Leire Gabirondo lagunak. Biak aritzen dira dantza afrikarrak ikasten Tolosako BoxA elkartean Lurgik ematen duen ikastaroan.

«Zuzeneko musikarekin dantzatzen dira Ginea Konakriko dantzak eta danbor hots horiek zerbait mugiarazten dizute. Barru barruan dugunarekin konektatu eta gure nortasun primitibo horrekin lotzen gaituztela iruditzen zait», dio Lurgi Zalakainek. Perkusioak garrantzi handia du dantza afrikarretan eta Mamady Keita artista aipatu dute hiru billabonatarrek, Gineako musika mundura zabaldu duen musikaria. Haren Sewa Kan taldean ibilitakoa da Babara Bangoura perkusio irakaslea eta Mamady Keitaren ondorengotzat dute gaur egun. Lurgi Zalakainek harreman handia du Bangourarekin eta hark Ginea Konakrin duen Sabougnouma dantza eta perkusio taldearekin.

«Familia handi bat osatzen dugu», aipatu du Lurgi Zalakainek. Sabougnouma taldeko kideen etxeetan egin dute egonaldia Konakriko Matam auzoan, eta bide batez, hango balletaren entseguak bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte. Amets Zalakainek azaldu du han emandako bi asteetan egunero eraman duten dinamika: «Goizean dantza klase partikularrak jasotzen genituen. Pare bat irakasle izaten genituen eta gure artean maila ezberdinak daudenez, bakoitzaren beharretara moldatu dira irakasleak. Musikariak ere bertan izaten genituen. Behin, gure saioa bukatuta, balletaren entsegura gerturatzen ginen eta beste ordubeteko beroketa egiten genuen haiekin. Beroketaren ondoren, balletaren entsegua ikusten geratzen ginen».

BALLET MATAM

Lurgi Zalakainen dantza irakasle Marie Toureren balleta da Matam auzokoa. «Jende asko ibiltzen da konpainia hauetan; alde batetik perkusio joleak daude eta bestetik dantzariak. Beren hierarkiak dituzte balletaren barruan, badira beteranoak, hasiberriak, solistak... eta pedagogia zorrotza erabiltzen dute, diziplina handikoa. Ballet bakoitzak bere koreografo eta zuzendariak izaten ditu eta elkarrekin familia handi bat osatzen dute. Herri txikiagoetatik joaten dira artistak hiriburura, eta askotan, balletak sare bezala funtzionatzen du etorri berrientzat», azaldu du Lurgi Zalakainek.

Ginea Konakrin etxean egongo balira bezala sentitu dira Villabonako hiru neskak. «Nahiz eta oso diziplinatuak izan, pazientzia handiarekin hartu gaituzte eta mimo handiz tratatu. Mantsoago jardun dute, mugimenduak sinplifikatuta, guk ikas dezagun», esan du Amets Zalakainek. Liluraz begiratu die hango dantzariei Leire Gabirondok: «Hemen euskal dantzak ikasi ditugunok gure gorputza jarrera batera ohitu dugu eta zaila zaigu hori aldatzea, ardatz ezberdin batera mugitu behar duzu gorputza dantza afrikarrak dantzatu ahal izateko». Denborarekin, ordea, lortu daitekeela diote hirurek: «prozesu bat da eta lana eginez gero menderatu daiteke, beste edozein diziplinekin gertatzen den bezala».

Azken bidaia ez dute, soilik, dantza ikasteko baliatu, bertako jendearekin izan duten zuzeneko harremanak aberastu egin ditu. Hori uste du Amets Zalakainek: «Pribilegio asko dauzkan gizarte batetik horrelako leku batera zoazenean lezio asko jasotzen dituzu. Gauza txiki asko pasatzen dira egunean zehar eta betatik bertara ikusten duzu hangoen bizimodua. Zer pentsatua eman du». Hirurek nabarmendu dute oso jende langilea dela bertakoa eta artistek «oso serio» hartzen dutela beren egitekoa, «inplikazio handia dute». Ikusi dute Ginean balio handia ematen zaiola dantzari eta musikari.

Itzuli dira Konakritik baina laster bueltatuko dira hirurak Senegal hegoaldera, Casamance ingurura. «Apirilerako bidaia bat antolatzen ari gara eta 20 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko», esan du Lurgi Zalakainek. Dantza afrikarrak ikasteko aukera izango da bertan eta Ginea Konakriko Sabougnouma taldekoak ere gonbidatu dituzte. «Afrikako mugak, erregela batekin banatu zirela esaten da, baina mugaz gaindiko kultura konpartitzen da, Senegal hegoaldean eta Ginea inguruan».

Gogoz daude itzultzeko, Gabirondok nabarmendu duenez oso jende alaia baita bertakoa: «Hasieran bortitz hitz egiten dutela iruditzen zaizu, gogor. Oso beroak dira, baita dantzarako ere, baina gero alaiak dira eta segituan gerturatzen zaizkizu, barrez lehertzen zara haiekin eta uneoro dantza egitera bultzatzen zaituzte». Konexioak udaberrian jarraituko du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!