Asteburu honetan jokatuko dira Pebeteko final-laurdenak

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 13a, 19:58

Egutegiko adarrak errespetatuko diren arren, 2 partidu egunez aldatu behar izan dituzte.

Kartelera honela geratuko da asteburuan.
 
IÑAKI LIZASOREN KRONIKA:
 
"Asteburuan VIII. Antton Pebet memorialeko final-laurdenak jokatuko dira. Launbatean eta igandean eta bietan 11:00etan hasita Villabonako Bear Zana pilotalekuan.
 
Aurreko asteburuko irabazleek fase buruen aurka jokatuko dute eta zenbait partida egunez aldatu behar izan ditu antolakuntzak, nahiz eta egutegiko adarrak errespetatuko diren.
 
Larunbatean, Santxo usurbildarra eta Elizegi asteasuarra txapelketan sartuko dira. Aurkariak Arrieta eta Irazustabarrena izango dira. Bi aurrelariak azken urteetan afizionatu mailan onenen artean egon dira eta hala egoten jarraitzen dute. Aspaldiko ezagunak biak, bikote gisa ere jokatu zuten Memorial Pebet torneoan. Bi pilotari beterano, erremate-defentsa-kolpe bikainekoak biak. Atzean berriz bi gazte izango dituzte. Santxoren atzelaria jotzailea da oso. Elizegik aurrekontratua sinatua badu Baikorekin eta laster profesionaletan joka dezakeen pilotaria dugu. Irazustabarrena, berriz, ez da hain jotzailea baina lan asko egiten duen pilotaria da. Partida borrokatua espero da.
 
Bigarren partidan, Exposito eta Lizeagak bikote gisa jokatuko dute. Gipuzkoako Txapelketan hala jokatu dute Hernaniren izenean. Txapelketaren lehen iragarpenetan ez zeuden batera kokatuta baina antolakuntzak elkartu egin ditu sortu diren aldaketa batzuen ondorioz. Bikote oso indartsua osatzen dute Astigarragakoak eta Hernanikoak. Aurkariak Murua eta A. Elzegi izango dituzte. Bergarako aurrelariak bikain jokatu zuen Urbieta anaien aurka eta gauzak zail jarriko dizkio Expositori. A. Elizegik berriz defentsan aritu beharko du hasiera batean kolpez gehiago baita Lizeaga. Pittin bat faboritoago ageri dira Exposito eta Lizeaga.
 
Igandean, berriz, Huarteko taldetik jokatzen duen Espinal eta Burlatako taldetik dabilen Alduntzin nafarrek jokatuko dute. Aurrelari nafarra gazteetan arriskutsuenetakoa da, ezker bikainekoa eta errematzaile fina. Atzelaria berriz, oso segurua da eta atzelarien artean onenetakoa. Aurkariak Ioritz Egiguren tolosarra eta Telletxea albizturtarra izango dira. Partida irekia espero da, Egiguren kolpez gehiago behar luke izan berez eta Telletxea joko bolada bikainean dabil.
 
Bigarren eta asteburuko azken partidan Eneko Labaka albizturtarrak eta Arbizu Irurtzungoak jokatuko dute. Labaka artista da eta aurreko asteburuan tanto bikainak egin zituen. Atzean berriz Arbizuk bikain eta ikusgarri astidu zuen pilota. Aurkariak ordea ez dira makalak izango. Aurrean  Andoni Ugalde oiartzuarra izango da, Asperekin kontratua etenda berriz afizionatuetan dabilena. Pebet txapelketa irabazi zuen hain juxtu Telletxearekin. Atzean berriz iazko txapelduna, Balerdi izango da. Iaz txapeldun izan zen Salaberriarekin, orain gutxi Baikorekin debuta egin duen aurrelariarekin. Beraz, ikusmin handia sortuko duen partida izango da azken hau".

 

VIII. ANTTON PEBET MEMORIALA 2019
 
FINAL-LAURDENAK
 
▪Eguna: Abenduak 14, larunbata
▪Ordua: 11:00
▪Tokia: Villabonako Bear Zana pilotalekua
 
1) SANTXO-ELIZEGI
    ARRIETA-IRAZUSTABARRENA
 
2) EXPOSITO-LIZEAGA
     MURUA-A.ELIZEGI
 
 
▪Eguna: Abenduak 15, igandea
▪Ordua: 11:00
▪TokiaVillabonako Bear Zana pilotalekua
 
1) ESPINAL-ALDUNTZIN
     I.EGIGUREN-TELLETXEA
 
2) E.LABAKA-ARBIZU
     UGALDE-BALERDI

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!