"Olinpiar jokoetara joatea ametsik handiena betetzea izango litzateke"

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 6a, 07:59
Argazkia: ENEKO GARIN

Tokion jokatuko dira datorren urtean Olinpiar Jokoak. Iraitz Arrospide atleta billabonatarra ahaleginak egiten ari da bertara joateko, baina garbi du «oso zaila» dela.

Tokioko Olinpiar Jokoetan maratoian parte hartu ahal izateko gutxieneko marka lortu zuen Iraitz Arrospidek (Amasa-Villabona, 1988) aurreko igandean Valentzian, 2.10.59ko markarekin, baina horrek ez dio ziurtatzen Espainiako selekzioarekin Tokiora joatea.

Gutxieneko marka lortuta, pozik?

Oso pozik. Horixe zen helburua Valentzian, eta ez nekien lortzeko gaitasuna izango nuen, baina lortzea posible izan da, eta oso pozik.

Gutxieneko marka 31 segundogatik lortu zenuen. Nola bizitu zenuen lasterketa?

Hasieratik oso bizkor hasi ginen talde batean, eta nire sentsazioak oso onak izan ziren lasterketa guztian zehar. Egia da 25. eta 30. kilometroen artean, erritmoa pixka bat jaitsi zuela taldeak, eta une batzuetan urduritzen hasi nintzen. Baina ikusi nuen hainbeste ere ez zigula alde egiten denborak, eta azken tartean indartsu nengoen. Azken kilometroetan ahalik eta azkarren lasterka egin eta ikusten nuen lortuko nuela, eta bukaeran oso pozik sentitu nintzen.

Marka lortu arren, ez duzu Tokiora joateko lekua ziurtatuta. Orain beste mota bateko lasterketa hasten da.

Hori da. Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, gutxieneko denbora hori lortzea zen. Orain beste lasterketa bat hasten da, hiru postu baitaude selekzio bakoitzeko, eta gure kasuan zazpi atleta daude gutxieneko marka hori lortu dutenak. Orain hiru aukeratuen artean egoteko lasterketa zabaltzen da, eta benetan zaila dela hori lortzea. Denbora pixka bat geratzen da eta horretan saiatuko gara.

Behin betiko aukeraketa izan aurretik beste maratoi bat egingo duzu?

Datozen pare bat astetan hartu beharko dut erabaki hori. Lehen erabakia izango da maratoi bat egingo dudan ala ez, eta egitea erabakiz gero, bigarren erabakia maratoia aukeratzea izango da. Pare bat aukera daude. Lehenengoa Espainiako Txapelketan lehiatzea, aukera asko ematen baititu, baina denboraz nahiko gertu dago, otsailaren bukaeran baita, eta denbora nahiko justua ematen du prestakuntza egiteko. Beste aukera da udaberriko maratoi bat egitea, Europan zehar.

Nola egiten da aukeraketa?

Hainbat irizpide daude horretarako. Plaza bat erdi finkoa da. Munduko Txapelketan hamargarren postua lortu zuen Dani Mateok eta horregatik leku bat badu, non eta ez den lesionatzen. Beste plaza bat Espainiako txapeldunak izango du, eta hori Sevillan otsailean jokatuko den maratoian erabakiko da. Beste aukera da denborekin edo sailkapenean ondo egotea, eta horretarako egin dudan denbora hobetzea ezinbestekoa litzateke. Gutxienekoa lortu dugun zazpien artean, nirea zazpigarrena da. Beraz, oso zaila dago. Sekulako maila dago egun maratoian. Azken urteetan maila nahiko apala zegoen Espainia mailan, eta azken urte pare hauetan izugarri igo da, eta orain sekulako markak egin beharko dira Olinpiar Jokoetarako postua lortzeko.

Zer suposatuko luke zuretzat Tokiora joateak?

Egin dudan denbora egitea amets bat betetzea izan da, maila honetara iristea. Eta Olinpiar Jokoetara joatea sekulakoa izango litzateke, ametsik handiena betetzea. Ez nuen hitzik izango azaltzeko zer den ni bezalako korrikalari batentzat, orain dela ez hainbeste herri lasterketetan hasi nintzen eta, askorik entrenatu gabe. Puntu horretara iristeak suposatuko lukeen poza ezingo nuke azaldu. Esan bezala, oso zaila da postu bat lortzea Tokiora joateko; bitartean, amets egiten jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!