Eneko Maiz: «Ez nuen nire onena eman»

Imanol Garcia Landa 2019ko abenduaren 6a

Eneko Maiz billabonatarrak aurreko astean jokatutako partidarekin bukatu zuen ibilbidea trinketeko eskuz banakako Super Prestige Txapelketan.

 Amuleten aurka 30-40 galdu zuen, eta ezin izan du final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu. «Sentsazio txarrarekin bukatu nuen txapelketa, batez ere azken partida horretan ez nuelako nire onena eman», esan du Maizek. «Gainera Amuletek partida handi bat egin zuen, eta orain ligaxkako lehen partida irabazi du».

Super Prestige Txapelketa banaka jokatzen den lehiaketa garrantzitsuena da eta Maiz lehen gipuzkoarra izan izan da txapelketa horretan parte hartzen. Billabonatarra penarekin geratu da bere lana ez zuelako nahi bezain ondo egin, baina aldi berean «aurrerapausoa» eman duela dio eta hori «pozgarria» dela.

Amuleten aurkako partidan, Maiz hasieratik galtzen hasi zen. Pixkana gerturatu zen, baina tanto batera edo bira jartzen zenean, ihes egiten zion eta ez zuen partida berdintzerik lortzen. «Egun txarra izan nuen eta askotan tanto izaten diren pilotakadak gutxigatik ez ziren izan, eta berari erdian utzitako aurreneko pilota, sarean sartzen zidan», zehaztu du Maizek.

Giro ona izan zen beste behin Donibane Garaziko Garat trinketean. «Ea berriz ere bertan jokatzeko aukera dugun», esan du Maizek. Trinketean jokatzen jarraituko du aurki. Zehazki, billabonatarra urtarrilean hasiko da Iparraldean jokatzen den afizionatuen lehen mailako txapelketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!