Hastera doa Antton Pebet Oroimenezkoa

Ataria 2019ko abe. 4a, 11:57

Iritsi da Antton Pebet Oroimenezko Pilota Txapelketa. Urte bete pasa da azken ekitalditik eta hamar Antton Pebet Behar Zanako pilotari zena hil zenetik. 

Aurtengoan zortzigarrenez jokatuko da eta parte hartzaileak, beste behin ere, afizionatu mailako onenak izango dira. Oraingo honetan, iaz txapeldun izan zen Salaberriak ez du jokatzerik izango, Aspe enpresarekin profesionaletara jauzia egina baitu orain gutxi. Hala ere, aipatu bezala, eskuz ari diren nagusi mailako pilotari onentsuenak Villabonako Bearzana pilotalekuan ikusi ahalko dira.

Aste honetan final zortzirenak jokatuko dira. Bihar 19:00etan hasiko den jaialdian, lehen partidan Gelis-Aranguren bikoteak jokatuko du. Egun Oreretako Eple taldearen izenean jokatzen dute, baina txapelketa honetan jokatzeko txartela Amezketako Zazpi Iturri taldearen izenean Santio Txapelketan txapela lortu zutenean irabazi zuten. Beraien aurkariak Hernaniko Arrieta eta Alegiko Irazustabarrena izango dira. Irazustabarrenak atzelari jokatuko du: «bi esku eder ditu eta partida honetan faboritoak beraiek izango dira».

Bigarren partidan Eneko Labaka Albizturkoak eta Arbizu nafarrak jokatuko dute Azpeitiko Alberdi (Jon profesionalaren anaia) eta Urruzola asteasuarraren aurka. Ikusmina sortu du Alberdiren parte hartzeak, indartsu datorren gaztea delako eta egungo Gipuzkoako txapelduna delako 1. mailan. Partida borrokatua izatea espero da.

Ostiralean berriz, Behar Zanako hiru pilotarik jokatuko dute 11:00etan hasiko den jaialdian. Lehen partidan, Antton Pebet zenaren bikotekide Lizasok jokatuko du Arrizabalagarekin batera. Lizasok azken urteetan ez du jokatu txapelketan, baina Anttonen heriotzaren hamargarren urteurrenean Bearzana pilotalekuko kantxan izango da. Beste bikotean, aurrean Tolosako Ioritz Egigurenek jokatuko du, pilotari indartsua, eta atzelari Telletxea Albizturkoa izango da. Faborito bigarren hauek ageri dira, nahiz eta Lizasok eta Arrizabalagak sorpresa emateko gaitasuna duten.

Bigarren partidan Behar Zanako pilotari diren Urbieta anaiek jokatuko dute. Biak aurrelariak diren arren, Jonek atzetik jokatuko du eta Xabierrek aurretik. Jonek maila handia eman du atzelari gisa Lizasorekin bikotea osatuta. Xabier, Garfen ari den pilotaria, joko bolada oso onean dago, eta esaterako Egiako torneoa irabazi berri du. Aurkariak Murua eta A. Elizegi izango dira.

Sarrera doakoa izango da eta saski ederrak zozkatuko dira txapelketa antolatzeko gastuei aurre egin ahal izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!