Larunbatean Adunako II. Mendi Duatloia irabazi zuen Eneko Gurrutxagak (Amasa, 1986), eta horrekin batera Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko txapela jantzi zuen lehen aldiz. Aste berezia izan da amasarrarentzat, ostegunean aita izan baitzen.
Egun batzuk pasa ondoren, nola duzu gogoan Adunan lortutakoa?
Zerbait berezia izan zen. Bederatzi urtetan zirkuituan beti hartu dut parte. Lehenengo urtetan ez nuen ez garaipen indibidualik ez orokorrik borrokatzen, baina azken urteetan pauso bat atzetik izanda ere, aurten lortu dut borrokan sartzea eta azken lasterketan irabaztea. Bederatzi urtetan antolaketan, denak korritzen aritu naiz, eta iaz atera zidaten proba gehienak korritu eta puntu gehienak lortu ditudanak naizela. Beraz, hori denaz gain, gainera orain sailkapen orokor bat lortuta, oso gustura.
Aste oso berezia izan zenuen, ostegunean aita izan baitzinen eta, besteak beste, lo gutxi eginda joan zinen Adunara.
Aurreko igandean korritu genuen Aramaion. Gero astelehena atseden hartu nuen eta asteartean Adunako ibilbidea ikustera joan nintzen. Asteartetik bikotekideari kontrakzioak hasi zitzaizkion eta asteazkenean joan ginen ospitalera. Ostegunean jaio zen eta lehenengo gauetan lo gutxi eginda, eta Adunara joan nintzen entrenamendu bakarrarekin, lau egun ibili gabe, baina moralez bete-betean.
Azken egun horietan bizitakoak eman zizkizun agian indarrak?
Baliteke. Azkenean hormonak ere dantzan izango nituen nik ere, edo horrelako zerbait. Gero, aparte, denboraldi bukaeran dagoeneko nekatu samar nengoen eta, alde batera, aste guztian ez entrenatzeak ere abantaila eman zidan.
Espero zenuen proba horrela izatea?
Gehienbat korrika sentitu nintzen oso ondo eta fresko. Banekien Adunakoa motza zela eta ondo etortzen zitzaidala, eta nire kalkuluak ziren minutu bat inguru galdu korrika, bizikletan Belkoain gaineraino ea segundo batzuk jaten nizkion, eta goitik behera harrapatu, pasa, eta 30 segundoko abantaila ateratzea, korrikako azken zatian aguantatzeko gaitasuna izateko. Hori zen teoria. Gero, azkenean korrika nahiko gertu ibili nintzen, bizikletan harrapatzea lortu eta gero goitik behera lasaiago hartu nuen pentsatuz nahiko distantzia izango nuela.
Azkeneko uneak oso bereziak izan ziren, Adunako helmugara iristerakoan.
Aldapa gora bukatu zenean, Zabala sagardotegitik dena zen aldapa behera, eta atzera begiratu nuenean eta ez nuenean ikusi, esan nuen garaipena nirea zela. Burutik zer pasatu zitzaidan ez dizut esango, baina denboraldi osoa izan zen honi begira. Puntu bateko aldearekin bakarrik iritsi nintzen Adunako probara, eta beraz, tentsio puntu bat ere banuen. Eta, beraz, lasai hartzeko eta gozatzeko unea izan zen.
Denboraldi osoan zirkuituko sailkapenean aurretik izan zara, ezta?
Kontua da hamar probetatik bederatzi hartzen direla kontuan puntuak batzeko. Ez gara profesionalak hor ibiltzen garenak eta beti urte bakoitzean proba bat edo bi uzten ditugu alde batera. Isasik lehenengoa ez zuen korritu eta birtualki puntu bateko abantailarekin izan arren, Adunara iritsi nintzen 90 puntuko aldearekin. Kontua zen bera baino postu hobeagoa lortu behar nuela.
Probetako garaipenak lortu dituzu baina azkenean sailkapen orokorra lortzearen bila zenbiltzan.
Azken bi urteetan nahiko ondo prestatu dut eta helburua Amasan irabaztea zen, etxeko lasterketa delako, eta ea zirkuituko besteren bat irabaztea lortzen nuen. Baina lehenengo bietatik biak irabazita, nire buruari esan nion orokorra aurten irabazteko aukera nuela eta bestela ez nekiela noiz izan zitekeen.