Zahar etxeetako langileek ez dute amore emateko asmorik

Ataria 2019ko azaroaren 26a

Lan hitzarmenaren alde, 132 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar etxeetako langileek.

Nekatuta, baina amore emateko inongo asmorik gabe daudela azaldu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. ELA sindikatuak deituta, abenduaren 11ra bitarte greba egingo dute langileek, eta akordiorik lortu ezean, horrela jarraituko dutela baieztatu dute. 

Herriz herri mobilizazioak egiten ari dira egunotan. Gaur goizean  Villabonan izan dira. Jendeari triptikoak banatzen eta herrian zein saltokietan kartelak itsasten aritu dira. Eguerdian, protesta egin dute Errebote plazan: lan hitzarmen duin bat nahi dutela ozen oihukatu dute.  

Abenduaren 11n 148 egun beteko dituzte greban. "Hitzarmena sinatu arte, ordea, horrela jarraituko dugu", esan dute. Gabonak datoz laster, eta horri begira ere kezkatuta daude langileak: "Iaz bezala, aurten ere erabiltzaileek langostinoak jan beharrean beste edozer jaten pasa beharko dituzte Gabonak".   

Eskualdean egingo duten hurrengo mobilizazioa abenduaren 10ean izango da, Tolosan, 10:30etik 12:30era. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!