Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2019

Matazen eredua, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 25a, 12:55

Amasa-Villabonako ikastetxeak, udal ordezkariak eta herritarrak kalera irten dira gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriari elkarrekin aurre egiteko. 

Malkar plazatik Errebote plazara joan dira kalejiran, eskuetan azken egunetan egindako matazak zituztela. Ondoren, udaletxean, leihoetatik zintzilika jarri dituzte mataza horiek. Ikasleek bertsoak kantatu dituzte eta Beatriz Unzue alkateak ekimenaren garrantziaz hitz egin du: "Badakit asko zaretela indarkeria matxistaren kontrako matazak josten, buru belarri aritu zaretenak". Guztiei eskerrak eman dizkie Unzuek: "Emakumeon kontrako indarkeriaren aurrean ezinbestekoa den batasuna eta elkarlanaren erakusgarri ederra izan da gaur Amasa-Villabonako hezkuntza zentro ezberdinek batera egindakoa". 

Villabonako alkatearen esanetan, indarkeria matxistaren aurrean, "herri gisa eta tinko" erantzun behar da ezinbestean. Emakumeek indarkeria mota desberdinak pairatzen dituztela azaldu du Unzuek, "jarrera edo jokaera matxistetatik hasi, soldata arrakalarekin segi eta hilketa bortitzetaraino". Udalak, indarkeria mota guztien kontra lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu du; "genero berdintasunean oinarritutako gizarte parekide bat lortzeko bidean". 

Azkenik, gaur arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak.

ARRATSALDEKO MOBILIZAZIOA

Amasa-Villabona Asteasu Zizurkil

Aiztondoko talde feministak ekintza bateratua egingo du hiru herrietan: 18:30. Asteasun ekitaldia. 19:15. Zizurkilen ekitaldia. 20:00. Villabonan ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!