Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2019

"Pixkanaka zoaz konturatzen, arazotzat zenituen gauzak ez zirela kasualitatez gerturatzen"

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 23a, 08:00

Bertsotan ari diren emakumeek, emakume izate hutsagatik, euren jardunean hainbat trabekin egiten dute topo. Hamabost emakumeren sentipen eta gogoetak jaso ditu Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak 'Kontrako eztarritik' liburuan. Hamabost horietatik bi dira eskualdekoak.

Emakume bertsolarien kezketatik abiatuta, gogoeta sorta bildu du Uxue Alberdik Kontrako Eztarritik liburuan. Tartean, Amaia Agirre eta Oihana Iguaran bertsolarien testigantzak. Biak bertsoen belaunaldi ezberdinekoak dira, baina egun, oholtza bera konpartitzen dute.

Zuek zer zarete: bertsolari, emakume bertsolari, emakume eta bertsolari...?

Oihana Iguaran: Bertsolari emakumea ez dago aukeretan? Orokorrean nahikoa kostatzen zaigu gure buruari bertsolari nortasuna aitortzea. Emakumeok taldean bildu garenean bereziki kostatzen zaigu hori aldarrikatzea, bada, ordea, bidearen parte gure burua bertsolaritzat hartzea. Oholtzan bertsolari izan nahi dut eta baita oholtzatik kanpo ere, eta emakume ere bai, noski. Baina ez nuke nahi emakume bertsolari, baizik bertsolari emakume.

Amaia Agirre: Urte askoan ibili gara emakume izateari uko egin gabe, baina hori ere baginala aurretik jarri gabe. Alegia, bertsolari izatea genuen helburu. Gerora ohartzen zara zure lekua egin nahi hori, nondik, zer konplexuetatik eta zer beldurretik abiatzen den. Nik gazte garaian, esaten nuen bertsolaria nintzela, baina nik uste ikasi eta bertsotan egiten nuelako zela. Gero, beste lantoki bat duzunean eta bestea osagarri moduan izatera pasatzen denean, ez diozu bertsolari izateari uzten, baina, agian, lehenago esan izan dut bertso irakasle, bertsolari baino. Emakume bertsolari eta bertsolari emakume, edo emakumea eta bertsolaria, uztarri bererako ez dira bi oinarri txar.

Bertsotan zabiltzatenean, emakume izateak zama sentsazioa eragiten dizue?

O. I.:Zaila da erantzutea, batez ere horri uko eginda egin dugulako bidea neurri askotan. Pixkanaka joaten zara konturatzen zure buruan arazotzat edo ezintzat bizi zenituen gauza asko ez direla kasualitatez gertatzen, eta emakume izateak eragina duela horretan. Gogoan dut taldean elkartzen ginenean bertsotan inprobisatzeko, taldeko bi neska bakarrok, ordubete osoa pasatzen genuela bertsoa kantatzeko. Hanka sartzeko beldurra, kezka genuen. Konplexu hori erantzi zidan lehena Amaia Agirre izan zen. Lasaitua sentitu nuen jakitean gertatzen zitzaidana ez zela soilik nire kontua.

A.A:Gauza asko inertziaz egin izan ditugu, eta nik izen eta abizenik jarri gabe neuzkan sentimendu horiek besteei helarazten nizkien, ni hortik pasa nintzela detektatzen nuen momentu horietan. Tolosan bertso eskolan hasi nintzenean neska bakarra nintzen, irakaslea gizonezkoa zen, eta han ez zen inoiz gizon eta emakumeen diferentziarik aipatu. Han 'arrankea' behar zen, kikiltzea ez zen zilegi. Generoa bigarren planoan geratzen zen. Nahiz eta nahiko lotsagabea izan, ordea, badut oroitzapena kantatzerakoan beti nintzela azkena. Behin, Jokin Sorozabalek, apropos, grabagailua ekarri zuen, martxan jartzen zuenean bertsoa bota egin behar zen; ni ere berdina nintzelako, bertsoa goitik behera hogei aldiz errepasatu arte ez nintzelako hasten. Beste mutilek, kale edo bale, arrankatu egiten zuten, eta nik pentsatzen nuen: hori kantatzeko hobea duzu bi minutu gehiago hartu.

Liburuan, Uxue Alberdik aipatzen du: «Gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea onartua izango da gizonen espazioetan». Gaur gaurkoz horrela bizi duzue?

A.A:Gaia delikatua da. Gaur egun, nik ez dut nire burua osagarritzat ikusten. Baliteke, gazteren batek hori sentitzea, oraindik entzuten dugu «halakok ezin du, eta beste neska bat nahi dugu». Garai batean, Maialen Lujanbioren ordez joateko eskatzen zigutenetan, emakumea emakumearekin ordezkatzen zen, baina maila ez duzu maila berarekin ordezkatzen. Hor bai zen betebeharra. Gaur egun, abanikoa uste dut zabalagoa dela eta antolatzaileak berak gustuko duen izena aukeratzen duela.

O. I.:Zorionez, iruditzen zait, bertsolari dabiltzan emakumeen izen gehiago ateratzen ari direla. Hala ere, plaza kopuru izugarri handi bat dago, non, saioko, bi emakume edo Maialen eta emakume bat eskatzen dituzten. Nik batzuetan sumatzen dut honek edo hark kale egin duenean deitzen dutela. Zenbait jaialditan ere, bi bertsolari beti berdinak dira eta besteok txandakatzen goaz. Hor ere ez da kasualitatea zein dauden beti eta zein gabiltzan txandaka.

Feminismoaren diskurtsoa hainbeste zabaldu gabe zegoen garaitik hona aldaketak nabaritu dituzue?

O. I.:Publikorako salto horretan asko lagundu zidan feminismoak, indarra eman zidan gertatzen zitzaizkidan ezinak ez zirela hutsetik zetozenak ulertzeko. Mamuari izen-abizenak jartzen dizkiozunean aurre egin zenezaioke. Feminismoa oso konplikatua da horretan, zeren, ez duzu diskurtso bat besterik gabe zureganatzen. Nire ustez, jasotzen dugun informazio guztia gorputzetik pasatzen dugu eta guztia jartzen du kolokan. Lur guztia mugitzen duzu hanken azpian, eta gero, zutik atera behar duzu jendaurrera, hamar silabatan kontatzera.

A.A:Gu bion artean oholtza gaineko bi belaunaldiren tartea egon da. Gu, egin beharraren eta egin nahiaren gurpil zoro horretan gindoazen; nola iritsi nahi genuen bagenekien, baina nola ez, orduan, nola hala aurrera egiten joan gara. Nik uste, guk ekintzak egin ditugula superbibentzia horretan gerokoei heldulekuak eman dizkiena. Era berean, gerokoek detektatu egin dituzte guk bizi izan genituen zenbait gauza. Horri hitza jartzeak eta gure gremioko beste kantu kideei helarazteak, beraiei ere beste leku batetik abiatzeko derrigortasuna eman die. Ni deseroso sentitzen naizen momentu batean, enpatia bat bilatu dezaket bestearengan eta besteak ere badaki nondik ari garen. Nik uste lehen ez zegoela dialektika hori. Ezkutuan baino, isilean eramaten zen.

Pertsonaia publiko zareten momentutik, gorputz publiko ere izan zaitezketela dio liburuak. Zenbat eragiten dizue gorputza oholtzan izateak?

O. I.:Kosta egiten zait konturatzea gorputzik badugunik ere. Aldi berean, bitxia da, zeren gorputz publiko ez izateko saio aurreko energia mordo bat eskaintzen diozu gorputzari. Ni konturatu izan naiz gorputz publiko izatera ausartzen ez nintzen saioetarako sekulako buru-lanak izaten nituela ahal zen neutroen eta ahal zen grisen, diskretuen janzteko, jendeak ez nazan ikusi entzun baino lehen. Errealitatea alderantziz da. Beste batzuetan, agian, zu ez zaude kikilduta, baino mediatikoki pisu gehiago dauka eta irudi hori da geratzen dena. Gu burbuila txiki batean bizi gara, non silabak eztabaidatzen ditugun, baina hortik kanpo harrituta geratzen naiz zenbat eta zenbat iruzkin egiten dizkidan jendeak itxuraren inguruan.

A. A.:Ni ere espresuki ez naiz egunero ispiluan «ze ederra zaren, goazen oholtzara» esaten duen horietakoa. Baina askotan, disimulatu, ezkutatu edo desagerrarazi nahi nituen horiek ahalik eta diskretuen eramaten ahalegindu naiz. Bertsotan ere, besteek ezer esan aurretik nik aipatuko dut nire gizentasuna eta nik aterako diot honi zukua. Fisikoaren garrantziaz eta bi ordu oholtzan gaudela ohartu baino lehen, nik ahotsarekin eduki nituen, eta ez arazoak, justu. Niretzako dohai bat zen nik neukan ahotsa eta potentzia edo txorro hori. Gerora, ahots finagoa zuten neskak atera direnean, konturatu naiz, ez nahita, baina zenbait alditan goxotik kantatzeko lizentzia eman diodala nire buruari, aldiro mikrofonoa lehertu beharrean aritu ordez. Lehen, askotan, plaza batean ahotsak salbatzen ninduen. «Zu bai zara gureetakoa», «zu bai zara bertsolari», esan izan didate. Lekuaren okupazioa, ez fisikoki bakarrik, plaza bete egiten nuelako, eta ni entzutea belarrira ez zelako zaila egiten. Zergatik? Horrelako ahotsak entzuten ohituta zeudelako. Ahotsaren itzalean joan naiz askotan, eta horrekin disimulatu izan dut nire gorpuzkerari eman zaion garrantzia.

Abesteko gaiei erreparatuta, aldaketarik izan dute garai batetik hona?

A. A.:Nik asko kantatu dut adibidez gizonezkoen eiakulazioari buruz, biagrari buruz, ohean zeinek agintzen duen, beraien burusoiltasun, kamioi gidarien irudi, putetxeetara joaten den gizonezkoaren irudiari buruz. Horri bai eman dizkiodala buelta batzuk. Egia da bi amaren gaiari, lesbiana izateari, emaile baten bitartez umea ekartzeari buruz, esku bateko hatzak nahikoak ditudala urteetan atzera egiteko. Eta gai horiekin oraindik jendeak zer aurpegiak jartzen dituen, eta esaten dute «hara, badatoz ba beraien markatxoa jartzera», niretzako oso-oso naturala denean.

O. I.:Gizon bertsolarien ahotan existitu izan da emakumea beti plazan. Emakumearen irudia beti zen bera, ama zen goratu beharreko gauza perfektu eta onbera. Fikzio mailako terminoetan, santa edo puta. Gaiak aldatzen joan diren moduan, ahalegin berezia sumatzen dut begiradetan: betiko gaiei zein ezberdin heltzen zaien, betiko umorea bilatzen duten gaiei buelta eta erdi batzuetan nola ematen zaien.

Zuen gogoeta guztiak biltzen dituen liburua kalean da, denen eskuragarri. Zer diote gizonek?

A. A.:Uxueri entzun nion «isiltasuna». Isiltasunak asko esaten du, eta aipatzen zuen literatura edo kazetaritza munduko edo lagunek beraiek gehiagotan eman ziotela liburu horren iritziaren berri, bertso munduko jendeak baino. Nik emakume bakar bati ez diot entzun «jo, emakumea naiz eta irakurri egin beharko da», baina gizonezkoei bai entzun diedala, «irakurri egin beharko da, bestela, jabetzen badira ez dudala irakurri, ezta?». Goazen zerbait konstruktiboa egitera, elkarrekin ari gara-eta oholtza eta oholtza azpia konpartitzen. Nik uste beldurtxoa badagoela atzean. Denetik egongo da, baina oraindik badago nik «jarrera arra» deitzen diodan hori.

O. I.:Gizonen aldetik erantzun orokorra isiltasuna izan da. Nire inguruan bertso mundukoak ez direnek ez dute irakurri eta bertso munduko gehienek ere ez, baina iritzi autorizatu bat dute gehienek horren inguruan. Ariketa indartsu bat izaten ari da ordea, bide bat da.

Liburuak ahalduntze bat eman dizue?

O. I.:Ahalduntze bat baino gehiago, terapia bat izan da, osatze bat. Ariketa eskuzabal bat izan da, elkarrekiko egin duguna.

A. A.:Inbidiak oso trantze txarrak pasarazi dizkigu. Baina ni hortaz ez nintzen kontziente izan gure artean hitz egiten hasi ginen arte. Eta zenbat min eragin dudan, eta zenbat negar egin dudan hau dena konponduz, oso modu errazean: hizketan. Ni, orain, oholtzara bertsotara edo gai jartzera desberdin noa, eta lasaiago noa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!