Lehen sailkatuekin lehian aritzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 21a, 19:59

Erregional preferente mailako Billabona taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago gaur egun.

Hamar jardunaldi pasatu berritan, erregional preferente mailako Billabona taldea bosgarren postuan dago. Orain artekoari buruz «balantze positiboa» egin du Asier Gastesi entrenatzaileak. «Joko aldetik ikusten dut taldea oso ondo dabilela. Nahi adina puntu ez ditugu lortu erakutsi dugunerako, baina aurrealdean dauden taldeekiko nahiko gertu gaude eta ilusioz gaude».

Hain justu, denboraldirako helburua aurrealdeko taldeekin borrokan ibiltzea da. «Distantzia pixka bat hartzen ari dira hiru talde, Beasain, Lagun Onak eta Aloñamendi, baina ikusten dugu pixka bat hobeto ibiliz gero gertu egon gaitezkeela», esan du Gastesik. Oso zaila ikusten du entrenatzaileak mailaz igotzeko aukera: «Lehen sailkatua igotzen da zuzenean, eta bigarrengoa igoera faseren batean sartu daiteke. Gure asmoa gehiago da aurreko talde horiekin borrokatzen ibiltzea».

Aurtengoan beste multzo batean daude. Donostialdekotik barnealdekora pasa dute Billabona, eta multzo hau gogorragoa dela dio entrenatzaileak. «Taldeak indartsuagoak dira, baina berdin-berdin aurre egin beharra dago». Lehen urtea du Gastesik Billabonako talde nagusia entrenatzen. Izan ere, bere lehen talde seniorra da, aurretik Tolosako eta Beasaingo jubenil taldeen entrenatzaile izan baita. «Esperientzia positiboa izaten ari da niretzat. Jokalariak oso ilusionatuta ikusten ditut, motibatuta, eta oso ondo egiten ari dira lana. Gustura nago, giro ona dago, herri giroa, Villabonakoak dira ia denak, tartean kuadrilla berekoak, eta hori giroan nabaritzen da», esan du.

Fitxaketarik ez dutela egin dio Gastesik, azken finean horrelako taldeetan ohikoena beheko taldeetatik jokalariak igotzea baita. Hain justu, jubeniletatik Asier Ugartemendia, Unai Redondo, Iñaki Balerdi eta Imanol Rodriguez igo dira. «Jokalari oso interesgarriak dira, minutu asko jokatzen ari direnak, eta horiek izan dira aurtengo fitxaketak». Bestalde, lau bat baja izan dira, lan kontuak direla-eta taldea utzi dutenak. Gastesik Kepa Iguaran ere izan du gogoan, denboraldia hasi aurretik lesio larria izan baitzuen. Espero du denboraldia bukatu aurretik taldearekin partidak jokatzea.

PARTAIDEAK

Unai Etxeberria. Atezaina.

Unai Zabala. Atezaina.

Asier Ugartemendia.Atezaina.

Kepa Iguaran. Atzelaria.

Asier Diaz. Atzelaria.

Julen Astiazaran. Atzelaria.

Oier Etxeberria. Atzelaria.

Ivan Alves. Atzelaria.

Alex Alvarez. Atzelaria.

Unai Redondo. Atzelaria.

Imanol Rodriguez.Atzelaria.

Aner Elgorriaga. Erdilaria.

Iñaki Artola. Erdilaria.

Xabier Jauregi. Erdilaria.

Jon Jauregi. Erdilaria.

Haritz Martin. Erdilaria.

Aitor Gabarain. Erdilaria.

Gorki Tormo. Erdilaria.

Inazio Balerdi. Erdilaria.

Aitor Castro. Aurrelaria.

Beñat Karrera. Aurrelaria.

Urtzi Zubeldia. Aurrelaria.

Iurgi Iraola. Aurrelaria.

Iñaki Balerdi. Aurrelaria.

Asier Gastesi.Entrenatzailea.

Borja Martin. Bigarren entrenatzailea.

Iker Galludo. Atezainen entrenatzailea eta ordezkaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!