Eneko Maizek irabaziz hasi du bidea trinketeko Super Prestige txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 20a, 08:46

Pilotari billabonatarra 40-34 gailendu zaio Etchegarayri, trinketeko txapelketa garrantzitsuan.

Ezin hobeto hasi da Eneko Maizentzat bere ibilbidea trinketeko eskuz banakako Super Prestige txapelketan. Lehen kanporaketa astelehen arratsaldean jokatu zuen Etchegarayren aurka eta 40-34 irabazi zion. «Oso pozik nago. Banekien hasieratik partida oso zaila izango zela. Kostatu egin zitzaidan partidan sartzea, baina pixkana bertako trinketera ohitu nintzen eta markagailuari buelta ematea lortu nuen», azaldu du Maizek.

Etchegarayren aurkakoa lehen aldia izan zuen Maizek: «Bertako pilotari askoren aurka jokatu dut udan, baina bere kontra sekula ez. Ikusi izan ditut bere partidak, eta lehen mailako pilotari handi bat da, eta irabazi ondoren oso pozik». Datorren astelehenean jokatuko du hurrengo kanporaketa, Amuleten aurka. Irabazten duenak final-laurdenetako ligaxkan ariko da. «Hasiera batean Etchegaray baino maila bajuagoa izango luke, baina nire ehuneko ehuna eman beharko dut irabazteko», esan du Maizek.

Billabonatarra lehen gipuzkoarra izan da Super Prestige txapelketan parte hartzen. Txapelketak duen garrantzia azaldu du Maizek: «Iparraldean urte guztian binakako partidak izaten dira. Bertako profesionalek buruz buruko Frantziako Txapelketa jokatzen dute, baina gainontzean urte guztian zehar txapelketa bakarra jokatzen dute pribatua buruz burukoa, eta hori Super Prestige txapelketa da. Gipuzkoar bati deitzea eta ikustea bertan maila ematen dugula, niretzat oso pozgarria da eta ahalik eta urrutien iristea garrantzitsua izango da».

Astelehenetan jokatzen da Super Prestige txapelketa, Donibane Garaziko Garat trinketean. «Oso berezia da, jende asko biltzen da eta giro oso polita izaten da», esan du Maizek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!