Boliviako egoeraz adierazpena egin du udal gobernuak

Ataria 2019ko azaroaren 18a

Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak ostiralean dozenaka alderdi politiko, sindikatu eta eragilek Donostiako Bulebarrean egin zuten elkarretaratzera gerturatzeko deia egin zien herritarrei. Hona hemen adierazpena bere osotasunean:

Azaroaren 10ean, Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa aurkeztu baino lehen, Morales presidentearen, haren gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsiren senideen kontrako erasoak gertatu ziren.

Estatu kolpearen ondorioz, egoera benetan larria dela eta konfrontazio zibilerako arrisku handia dagoela nabarmendu nahi dugu. Izan ere, estatu kolpea bultzatu duten indarrak errepresioarekin oldartu dira Moralesen alde antolatutako herritarren aurka. Horrez gain, nabarmendu behar da, aurreko hilabetean izandako hauteskundeetan, Moralesek botoen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela.

Egoera horren aurrean, Amasa-Villabonako Udal Gobernu Taldeak honakoa adierazten du:

• Gogor salatzen dugu Boliviako estatu kolpea.

• Dei egiten diegu Evo Moralesen kontra altxatu direnei, eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eta gatazka negoziazio eta akordioaren bidez konpontzeko. Baita estatu kolpea bultzatu duten kanpoko eragileei ere, injerentzia gelditzeko eta Boliviar estatuaren burujabetza errespetatzeko.

• Babesa adierazten diogu Evo Morales presidenteari, zein El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatu diren herritarrei.

• Amasa-Villabonako herritarrei dei egiten diegu Boliviako estatu kolpeari aurre egiteko antolatzen diren herri mobilizazioetan parte har dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!