Amasako jaiak 2019

Indarrik ez da falta Amasan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko azaroaren 16a

San Martin Festen azken eguna dute gaurkoa amasarrek, baina azkena izanagatik ere, egun handia dute. 400 bat lagun elkartuko dira pilotalekuan bazkaltzeko.

Eguna, ordea, eguraldi aldetik pattala izan bada ere, haur mordo batek parte hartu du lasterketan.

Gerora etorri da herritarren desafioa. Hirunako hiru taldetan banatuta traktore bati tiraka aritu dira. Talde beltza, Joseba 'Pasus', Kepa Nazabal eta Kepa Otegik osatutakoa izan da. Talde urdina, Jon Aizperro, Telmo Gartzia eta baja bat tarteko, azken uneko fitxaketa Beñat Iguaran izan dute. Eta azken taldea, talde gorria izan da: Arkaitz 'Xandra', Urki Galarraga eta Jon 'Beltxa'.

Lehen taldea beltza izan da, eta aldapan gorako ibilbidea, 2 minutu eta 56 segundoko denboran egin dute. Atzetik, talde urdinaren txanda izan da, eta 3 minutu eta 16 segundo behar izan dituzte. Gorriz jantzitako hiru mutilek, berriz, 3 minutu eta 08 segundoan amaitu dute bidea.

Euripean, bustita eta hotzez, guztiak izan dira garaile. Baita, ikusleak ere. Albotik animoak emanez izan dituzte herritarrak.

Herri Bazkarian bilduko dira guztiak, eta gero, 19:00etan, bertso saioa izango da elizan: Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Uxue Alberdi bertsolariek, Amaia Agirre gai jartzaileari erantzun beharko diote. Ondoren, Martina Sorginari agurra egingo diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!