Villabonako Trukegunea aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 15a, 13:41

Urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan Olaederra kiroldegian. Kutxa Ekogunetik azaldu dutenez, "egitasmoaren helburua trukean oinarritutako esperientzia eskaintzea da, kontsumo arduratsua eta birziklapena jorratuaz".

Villabona, Tolosa eta Andoaingo udal ordezkariek aurkeztu dute Trukegunea Villabonan, Amaia Otazo Kutxa Ekoguneko teknikariarekin batera. 

Otazoren esanetan, laugarren urtez antolatu dute Trukegunea Kutxa Ekogunetik. Aurten, Gipuzkoako 10 udalerrik egingo dute bat egistamoarekin. Horien artean Tolosa eta Villabona daude. "Ekimenean parte hartu duten udalek beren herritarrei aukera eman nahi diete herrian bertan trukerako espazio bat izateko", azaldu dute aurkezpen ekitaldian.

TRUKEGUNEA

Objetuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Betiere, uzten dena moldaketarik egin beharrik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz eta jasotakoa, utzitako gure seme alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz. 

Aurkezpenean azaldu dutenez, ez da beharrezkoa trukegunera zerbait eramatea bertatik zerbait hartzeko. "Hartu interesatzen zaizun beste, kontuan izanik dagoen materiala guztiontzat dela". 

Gabon garaiaren atarian, haurrek opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea, eta trukearen bidez eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraztea ere helburu artean kokatu dituzte, "jostailu berri" izate horri garrantzia kenduz. 

Gabonen ondoren, trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko elkarte ezberdinetara bideratuko dituztela azaldu dute.

Nola funtzionatzen du:

  • Zein gauza utzi daitezke:
    • Liburuak, musika CD originalak
    • Etxetresna elektriko txikiak
    • Elektronika: mugikor, irrati, mp3, telebista...
    • Brikolaje eta jardineritza
    • Kirol eta aisi produktuak
    • Musika tresnak
    • Apaingarriak
    • Jostailuak
  • Utzi ezin daitezkeen gauzak:
    • Arroapa
    • Janaria
    • Produktu sanitario eta higienikoak
    • Animalien produktuak
    • Poltsa edo kaxetan, antolatu gabe uzten direnak
    • Espazioan sartzen ez direnak, eta hortaz elementutik kanpo geratzen direnak
    • Egoera onean ez daudela atzematen diren objetuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!