Kaixo eta aio

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Sorondo 2019ko azaroaren 17a

Aupa! Kaixo irakurle! Aintzakotzat hartzen zaitudalako agurtzen zaitut. Ez al da ba agurra errespetoa edo begirunea azaltzeko modu bat?

Moduak eta moduak, agurrak eta agurrak daude gizakion artean erabiltzen ditugunak: hitzezkoak, (gure-gureak ditugu iepa, kaixo epa, upa, aio, agur…), gorputzaren atal desberdinak erabiliaz gauzatzen direnak…

Bat, bi edo hiru muxuko agurrak edo seikoa Errusia aldean antza (talde bat agurtzeko nahiko astuna).

Eskua altxa, mugitu, hatzak modu batera edo bestera jarriaz, ume, surfari, rokero… -en agurrak.

Sudurra sudurraren kontra igurtziz, eskimalen kasuan.

Asia aldean, burua gutxi edo gehiago makurtzen dute elkar agurtzeko. Hego Afrikako, Malawi kulturako Nga tribuko gizonezkoek zakila bi edo hiru aldiz astintzen dute elkar agurtzeko eta emakumeek bularrak bularren kontra estutu. Gizon emakumeen arteko agurra, elkarren genitalak ukituz gauzatzen omen dute.

Pertsona adina agur daude eta denboraren poderioz aldatzen edota berritzen ari dira; ez agurtzearen joerak indartzen ari diren bezala. Gero eta gehiago ari gara sartzen «gure munduan», gero eta gehiago ari gera isolatzen. Segapotoari begira jarri eta inguruko pertsonek ez baleude bezala mugitzen gara. Gero eta gehiago sumatzen da besteen presentzia aitzakotzat ez hartzearena (mendian, kalean, dendetan…).

Esango nuke, agurtzeak eragin positiboa duela hartzailearentzat aintzakotzat hartua sentitzen delako eta desatsegina berriz ukazioa jasotzen duenarentzat.

Beraz, bitxikeriak bitxikeria eta agurrak agur, hemen doa nirea irakurle: AIO eta PA.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!