Iraitz Arrospide zen faborito nagusia 2019ko Behobia-Donostia lasterketa irabazteko, eta gogor ekin dio saioari. Arrospidek eta Lachgarrek Ivan Fernandez eta Jesus Olmosekin egin dute ia bide osoa. Amaiera aldera pixka bat atzera gelditu da Lachgar, baina, azken kilometro eta erdian abiadura azkartu du, eta harrapatu eta pasatu egin ditu aurreko taldeko korrikalariak, garaipena eskuratuz. 1:00:57ko denboran iritsi da marokoarra.
Duela bi urte hirugarren izan zen Arrospide, 1:02:39ko denbora ezarriz. Iaz, berriz, bigarren izan zen 1:01:47ko denborarekin, Jaime Leiva irabazlearengandik 1:25era. Aurtengoa, beraz, inoiz billabonatarrak Donostiako maratoi erdian lortu duen marka onena izan da.
Eguraldiak asko baldintzatu du gaurko lasterketa. Izan ere, 33.341 lagun zeuden izena emanda, eta horietatik, 27.074 korrikalari izan dira irteera puntuan. Gainera, haize bolada indartsuez eta euriaz gain, une batzuetan txingorrari ere aurre egin behar izan diote lasterkariek.
Honela gelditu da sailkapena:
1.- Chakib Lachgar: 1:00:57.
2.- Iraitz Arrospide: 1:01:01.
3.- Ivan Fernandez: 1:01:10.
Amaieran, gustura azaldu da egin duen lasterketarekin. "Pena handia dut, esperantza guztiak nigan jarriak zeudelako. Aste osoan zehar presio handia sentitu dut. Lasterketan zehar ondo sentitu naiz, eta saio ona egin dut. Hotza zela eta, kosta egin zaigu korrika egitea, eta jakitun nintzen nirekin joan diren korrikalariak atzean uztea oso zaila zela. Bagenekien Chakib oso bizkorra zela amaieran, baina ezin izan dugu atzean utzi".
Txapelketa entzutetsuak irabazi ditu aurten, baina gaurkoa lasterketa garrantzitsua zen berarentzat. "Nire ametsa da Behobia-Donostia lasterketa irabaztea. Aurten ezinezkoa izan da; hala ere, pozik nago. Datorren urtean izan beharko du".
Orain beste erronka bat du begiz jota Arrospidek: Valentziako Maratoia. "Lasterketa horretan ere esperantza handiak ditut. Datorren urtean Tokion jokatuko diren Joko Olinpikoetan egon nahi badu, 2:11:30eko denbora gainditu beharko du billabonatarrak".
Emakumezkoen kategorian, lasterketa nagusian ez da eskualdeko korrikalaririk izan lehen postuetan. Baina, 'Beteranoak 2' kategorian, Lourdes Colomo zizurkildarra hirugarren izan da, 1:24:20ko denborarekin, Patricia Bonilla irabazlearengandik (1:24:14) sei segundora.
Emakumezko patinatzaileen kategorian, berriz, Nere Karrera tolosarra txapeldun izan da, 51:55ko denborarekin. Aipatu beharra dago, gainera, Irristaka taldeko hainbat kidek hartu dutela parte gaurko lasterketan.
Pertsona ezinduen kategorian, hainbat sari
Gizonezkoen eta emakumezkoen lasterketa nagusiaz gain, pertsona ezinduen Behobia-Donostia lasterketa ere ospatu da. Eskualdeko zenbait kirolarik podiumera igotzea lortu dute bere kategorietan.
Ion Galarraga goiaztarra hirugarren izan da gizonezkoen Handbike modalitatean, 48:06ko denborarekin, irabazlearengandik 2 minutu eta 47 segundora.
Iñaki Goñi amezketarra bigarren izan da ikusmen urritasuna duten pertsonen B2 kategorian, 1:33:16ko denborarekin, irabazlearengandik 5 segundora.
Manuel Rodrigez billabonatarra hirugarren sailkatu da mugitzeko ezintasuna zuten pertsonen kategorian, 1:45:05eko denborarekin, irabazlearengandik 25 minutu eta 5 segundora.
Azkenik, Getarian bizi den Alain Irazu tolosarra garaile izan da patinatzaileen kategorian, 1:28:41eko denborarekin.