BiHozkada zure aurrean

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 3a, 07:59
Nahikari Calleja, IƱaki Lizaso, Tomas Lizardi, Unai Aldasoro eta Txomin Urdanpilleta.

Villabonako taldeak bere lehen lan luzea kaleratu berri du eta herriko Gurea antzokian aurkeztuko du abenduaren 13an; Pottoka estudioetan grabatu dute Fredi Pelaezekin, eta gustura daude emaitzarekin. Orain entzuleek dute hitza: Hau da direna, nahi duten musika egiten dutelako.

BiHozkada taldeak pop-rock-a egiten du euskaraz. Kantu itsaskorrak dira eta Iñaki Lizaso taldekidearen ahotsak doinu melodikoa eman die abestiei, nahiz eta tarteka ageri diren bestelako eragin gogorragoak ere taldearen musikan: riff rock and rolleroak, distortsioak eta stoner ukituak, adibidez. Entzuten duten musikaren emaitza da egiten dutena. Lizasok bezala, Tomas Lizardik joera du metal-a entzuteko; Nahikari Callejak, berriz, rock heavy-a maite du gehien eta Txomin Urdanpilletak punk-arako joera du; AEBko rock klasikoaren zalea da, aldiz, Unai Aldasoro.

Aniztasun hori islatu nahi izan dute Zure aurrean auto-ekoitzitako lehenengo diskoan. «Kantuak elkarren artean oso ezberdinak dira. Kantu bat lasaia da eta hurrena berriz indartsua», dio Aldasorok. Eta horren bila jo dutela berretsi du Callejak: «Beti berdina egingo bagenu aspertuko ginateke gu eta entzulea ere bai. Aniztasunaren bila jardun dugu, belarria ezagutzen ez duzun talde batera egina ez baduzu, kosta egiten da kantu bat bestetik bereiztea».

Lizasok, Lizardik eta Callejak abiatu zuten BiHozkada 2015. urte amaieran. Lizasorena izan zen lehen bultzada: «Haur Hezkuntzan irakasle naiz eta nire ikasleekin aritzeko gitarra jotzen ikasi nahi nuen. Aurretik ezagutzen nuen Tomas eta beregana jo nuen eskolak jasotzera. Lehen akordeak ikastearekin batera hasi nintzen lehen kantuak konposatzen eta berehala proposatu nien taldea osatzea». Lasarte-Oriako Oihan Agirretxe batu zitzaien baterian eta taldearen lehen aldiari ekin zioten. Kontzertuak ematearekin batera, 2016ko apirilean Bonberenea estudioan, Mikel Zelaiak grabatu, nahastu eta editatu zuen sei kantuz osatutako maketa.

Agirretxek taldea utzi eta Urdanpilletak hartu zuen bere lekukoa. Ia aldi berean sartu zen Aldasoro taldean: «Ni berez legazpiarra naiz eta lanagatik inguru honetara etorri nintzenean Tomas ezagutu nuen. Berak gonbidatu ninduen BiHozkadan aritzera eta baiezkoa esan nion, musika egin gabe ezin baitut egon».

Asko disfrutatzen duela dio Aldasorok eta elkarrekin egon eta entseatzeko erabiltzen dituzten orduak ondo aprobetxatzen dituztela aipatu du, «daukagun tarte hori dena emateko darabilgu». Sacem lantegiaren ondoko lokala erabiltzen dute entseatzeko eta taldekideek egokitu dute tokia beraien beharretara, baldintza egoki eta duinetan aritzeko. Berdina eskatzen diete kontzertuen antolatzaileei ere: «Ez dugu edozein modutara aritu nahi eta emanaldiak lotzerako orduan kontuan hartzen dugu zein aretotan eta nola jo». Taldea sortu zutenetik 30-40 kontzertu inguru eman dituzte, antzoki, taberna eta bestelako oholtzetan. Lekuaren arabera formatu bat edo bestea aukeratzen dute. «Taberna edo lokal txikietan ez dute bateriaren soinua nahi izaten eta modu akustikoan jotzen dugu, kaxoi flamenkoa hartuta», esan du Callejak.

Agirretxek taldea utzi ondoren eta kide berriak gerturatzearekin batera emanaldietan geldialdia egin eta kantu berriak prestatzeari ekin zioten BiHozkadako kideek. Emaitza Zure aurrean da.

Zortzi kantuz osatutako lana

Egunotan kaleratu duten diskoa kasualitate baten emaitza dela esan du Lizasok: «Alex Tello aktoreak Usurbilgo Sutegi areton eman behar zuen emanaldi baterako deitu gintuen. Bukaeran, 2016an grabatutako maketa oparitu genion eta bereziki kantu bat gustatu zitzaion, Pirata lagun izenekoa. Gerora, Galerak diskoan sartu zuen Tellok, istripuz 2007an hil zitzaion Oihana Alkorta lagunari eskainitako diskoan. Abestia Axular Arizmendirekin grabatu genuen Mutrikuko AME estudioetan. Hor sartu zitzaigun arra eta gure buruari galdetu genion: Eta disko bat grabatuko bagenu?».

Apustuari heldu eta diskoa grabatzen jardun dute azken hilabeteetan. Fredi Pelaezek Beasainen duen Potttoka estudioetan aritu dira lanean eta haren aholkularitza izan dute uneoro. «Asko ikasi dugu eta taldeari soinu bat eman dio Fredik. Barrutik ez gara jabetzen gure akatsez eta funtzionatzen ez duten kontuez ohartarazi gaitu», aipatu du Lizasok. «Bere gomendioei jarraituz pare bat kantuan ahotsa leuntzeko ahalegin bat ere nabari da. Pozik nago emaitzarekin eta ikusiko dugu zuzenekoetan horri eusten diodan». Taldekide guztiek banaka grabatu dituzte instrumentuak eta saiatu dira grabazio egunetan denak Beasaingo estudioetan elkarrekin egoten. «Horrek eta azken orduko ukituek atzeratu egin du diskoaren kaleratzea», aitortu du Aldasorok.

Kantuen sormen prozesuaz galdetuta entsegu lokalera lehen ideia Lizasok ekarri ohi duela aipatu dute gainerakoek. Callejak azaldu du: «Iñaki etortzen da abesti bat buruan duela eta askotan, zuzenean, ezezkoa esaten diogu. Askotan ni izaten naiz abestia atzera botatzen duena. Baina badira okasioak non iruditzen zaigun kantuak baduela zerbait berezia, aukerak ikusten dizkiogu eta bakoitzak bere erara irudikatzen du. Hor hasten da sormen prozesua: oinarrian Iñakik dakarrenari norberak bere instrumentuarekin bere partea eransten dion». Hasierako txinparta zerk sortzen duen esaten ez daki Lizasok. «Hitzak izan daitezke abiapuntua, edo melodia bat, edo oinarri instrumental bat. Kantuaren araberako da. Akorde sekuentzia batekin etortzen naiz entsegu lokalera, nik eskeletoa dakarkit eta instrumentuekin giharrak osatzen ditugu. Zure aurrean kantua, adibidez, lokalean Txomin eta biak geundela hasi zen, riff batekin eta bateria base batekin. Modu askotara egiten dugu: kantua sortu daiteke arratsalde batean, eta beste batean, aldiz, ibilbide luzeagoa du. Horrelakoetan, aukerak ikusten dizkiogu piezari eta lantzen hasten gara».

Auto-ekoitzitako diskoa da eta aleak esku artean izango dituzte azaroaren 12tik aurrera. Hala ere dagoeneko entzun daitezke diskoan bildutako zortzi kantuak BandCamp plataforman, eta atzotik Spotify eta YouTuben. «Fisikoki ale batzuk atera ditugu, ehunka ateratzeak ez baitu zentzurik. Gaur egun saldu talde handiak baino ez dute saltzen. Zuzenekoetan salduko ditugu aleak eta gure sare sozialetan gurekin harremanetan jarrita interesa duenak eskuratu ahal izango du. Durangoko disko eta liburu azokan ere Musika Zuzenean-ek izango duen standean salduko ditugu ale batzuk», esan du Lizasok.

Hemendik aurrera zuzenekoetan, disko berriko kantuak, aurreko maketan bildutakoak eta grabatu gabe geratu direnak emango dituzte. Zure aurrean diskoaren aurkezpena, abenduaren 13an egingo dute Villabonako Gurea antzokian, 20:00etatik aurrera. Lehenagotik, ordea, kontzertu akustikoak eskainiko dituzte Tolosako 3 Tabernan azaroaren 17an eta Orexan azaroaren 29an. Urtarriletik aurrera, besteak beste, Añorgako gaztetxean eta Donostiako Dokan lotu dituzte emanaldiak. BiHozkadaren entsegu lokalaren ondo-ondoan du berea Habi taldeak eta haiekin batera kontzertuak emateko ideia darabilte buruan. «Orain entzuleen esku geratzen da gure lana, entzun dezatela diskoa pare bat aldiz, eta gorrotatu edo maitatu dezatela. Gero erabakiko dute kontzertuetara etorri edo ez», aipatu du Callejak.

Diskaren azala, Argentinatik Villabonara

Janire Callejak prestatu ditu Zure aurrean diskorako irudiak. «Oliozko marrazki bat da azalekoa eta taldekideak ageri gara bertan. Diskoaren barrualdeko marrazkian, berriz, sokak bagina bezala irudikatu gaitu, izan ere soka asko dituen taldea da gurea: launa dituzte baxuak eta biolinak eta seina, berriz, gitarrek».

Arte Ederrak ikasi ditu Janire Callejak eta Buenos Airesen bizi da gaur egun. Handik bidali ditu diskorako irudiak. «Sinpleak eta inongo pretentsiorik gabeak dira, baina izugarri gustatzen zaigu nola geratu den».

 

ZURE AURREAN

ZURE AURREAN

«Ikaragarri gustatzen zaigun kantua delako jarri dugu lehenengo tokian. Iraupenez luzea da, ez da irratian erraz jarriko luketena. Hasiera instrumental luzea du. Aldaketa askoko abestia da, riff polit eta itsaskorrekin. 'Ni naiz naizena, nahi dudana izan nahi dudalako' esaten du errepikak eta esaldi horrek laburtzen du kantuan esan nahi duguna».

ZU GABE

«Entzuten duenak letra interpreta dezan gustatzen zaigu. Izan daiteke bikotekide, lagun edo herri bat gabe irudikatzea geure burua. Bakarrik edo bestearen beharrik gabe, aske izan zaitezkeela esaten dugu hor. Kantu kañerogoa da, nolabait esateko, stonerragoa. Erritmo mantsoa du, baina doinu zikinak ditu, biolinak ukitu polita ematen dio. Indarra dauka».

ZALDI ZURI

«Mezu polita duen abestia da. Txominek egiten duen erritmikak zaldi baten trosta gogorarazten du. Mantsoa da, balada bat eta biolina eta gitarrekin egiten diren bakarkako pasarteek, melodian barneratzen laguntzen zaituzte. Iaz istripuz hil zen lagun bati eskainitako da, ukitu gintuen gertakaria izan zen eta hotzikara sor dezakeela iruditzen zaigu. Berezia da abestia».

HIGUINA

«Bakoitzak nahi duena interpreta dezala: higuina, nazka, amorrua... Bat-batean sortutako kantu horietako bat. Goitik beherakoa atera zitzaigun, denok hartu genion kantuari neurria eta azkar sortu genuen».

KAIUKO

«Beste abesti askotan metaforak baldin badaude, kantu honetan zuzenean esaten dira esan beharrekoak. Saiatzen gara beti errimatzen eta metrika zaintzen eta disko honetan hortik urruntzeko ahalegintxoa egin dugu. Kantu honetan, ordea, kopla batzuk jarri ditugu eta garbi adierazi nahi izan dugu tematika. Immigrazioa eta gaur egungo egoera lotsagarriaz hitz egin dugu. Egoera berak behartzen gaitu horretaz idaztera».

HOSTOEN MALKOAK

«Taldearen aurreko garaiko kantu bat da, disko berrirako berreskuratu nahi izan duguna. Poperoena da, oso itsaskorra eta melodikoa da. Soinu garbia eta doinu alaia da. Hitzak ere arinagoak dira. Aurreko garaiko kantua izan arren, berrikuntzak sartu ditugu kantuan eta taldearen heldutasuna nabari zaio abestiari».

PIRALTA LAGUN II

«Kantu hau lagun bati eskainiz idatzi genuen. Aurreko aldiko kantua da eta 2016ko maketa horretan grabatu genuen. Bigarrenez Ondarroan grabatu genuen. Aurreko bertsiotik letra zertxobait moldatu genuen».

ITSASGORA

«Kaotikoa da kantu hau erritmo aldetik. Pot-pourri moduko bat da. CDan entzuten da, baina ez dago grabatuta besteak bezala, modu zuzenagoan baizik. Klaketa ahaztuta, gauza formal horiek alboratuta grabatu genuen. Erritmo eta melodia aldaketa asko dauzka, bertso zati bat ere badu tartean. Itsasoa bezalakoa da: itsas behera eta itsas gorak daude, marea biziak eta geldoak ditu. Grabatzen gehien kostatu zitzaigun kantua da. Egoera politikoaren inguruko kantua da, ez Kaiuko pieza bezain zuzena, baina buelta bat emanda, zeharka ere gauza asko esan daitezkeela uste dugu. Sarrionandiaren olerki bat ere jaso nahi izan dugu kantuan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!