Udal batzordeak publikoak eta herritarrentzat irekiak izango dira

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 29a, 21:18

Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez hartu du erabakia; Erresidentzietako langileekiko elkartasunezko mozioaren bozketan EAJk eta PSE-EEk ez dute parte hartu 

Asteartean egindako ohiko osoko bilkuran udal gobernuak egindako proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak: hemendik aurrera herritarrek udal sailetako batzorde ofizialetan parte hartu ahal izango dute. Onartutako ebazpenaren arabera, udaleko batzorde informatzaileetan, kide titularrez gain, interesa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute, horretarako alkatearen aurretiazko baimena jasota. Herritarrek hitza izango dute batzordeetan baina botorik ez. Gainera, bileretan aipatzen den informazioaren inguruko erreserba gorde beharko dute, bereziki, erabakia hartzeke dauden gaietan. Batzordearen gehiengo absolutuak erabakitzen duenean, sekretuak izan daitezke eztabaida eta bozketa, intimitatea, ohorea, haurren babesa edo segurtasun arrazoiak direla medio.

Udal gobernuaren iritziz erabaki hau aurrera urrats garrantzitsua da, «gobernutik bultzatu eta zabaldu nahi den gardentasun alorrean». Udaleko erabaki nagusiak hartzen diren foroetan herritarrek parte hartzeko aukera izatea «oso positiboa» da. Hurrengo udal batzordeetako deialdiak eta gai zerrendak udaleko webgunean egongo dira ikusgai. Hain zuzen, galde erreguen txandan, udalbatzan alderdiek duten proportzionaltasuna batzordeetan errespetatu dadin eskatu zuten, beste behin, EAJkoek. Eztabaida prozesuan da gaia, eta jeltzaleek «bakoitartasunez» ikusi dute ematen ari den prozesua.

Eztabaida mozioarekin

Udalbatzak ez die modu bateratuan erantzun Villabonako Santiago egoitzako langileen eskariei. Eskakizun horiek zeintzuk ziren ikusita, EH Bilduren udal taldeak mozioa erregistratu zuen urriaren 24an, asteartean ospatu zen ohiko osoko bilkuran eztabaida zedin. Eguna iritsita, ordea, EAJ eta PSE-EEko zinegotziek mozioaren bozketan parte ez hartzea erabaki zuten. Bilkuraren gai ordenarekin batera, mozioaren testua atxikita jaso ez izana eman zuten argudiotzat eztabaidan parte ez hartzeko.

Osoko bilkura hasi aurretik udal idazkariak onartu zuen errua, barkamenak eskatu zituen akats bat tarteko udal taldeei ez zitzaielako informazioa atxiki bilkurarako deialdian. Hala ere, argitu nahi izan zuen idazkari gisa bera ez dagoela, legez, informazio hori bidaltzera behartuta eta gai ordena jaso ondoren talde politikoei dagokiela bertan ageri diren gaiak prestatzea. «Eztabaidatzeko puntuekin batera espedienteak atxikitzen bazaizkizue, horretarako baliabide teknologikoak dauzkagulako da, batere kostatzen ez zaigulako eta alderdi politikoekiko kortesiagatik». EAJko eta PSE-EEko zalantzan jarri zuten idazkariaren hitza eta hori horrela dela ziurtatzeko txosten bat idatzi dezan eskatu zioten. 
Udal gobernu taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatzeko eten bat egiteko prest zeudela esan zien oposizioko alderdiei, testua aztertu eta beren botoaren norabidea erabaki zezaten. Jeltzale eta sozialistek, ordea, puntu hori gai zerrendatik kendu eta eztabaida atzeratzea eskatu zuten.

EAJko Patxi Agirre zinegotziak, gaiaren garrantzia ikusita, «seriotasunez» aztertu beharra zegoela azpimarratu zuen, «zaharren egoitzako erabiltzaileei eta langileei eragiten dielako». Bozeramaleen batzordean adierazpen instituzional bat egiteko proposamena ere luzatu zuen. EH Bilduko Xabat Laborde alkateordeak erantzun zien oposizioko alderdiei: «Santiago egoitzako langileak urriaren 14an etorri ziren udaletxera euren eskakizunekin. Ordutik hamar egun baino gehiago pasa dira eta ez duzue ezer egin. Guk mozioa urriaren 24an egin genuen publiko, hedabideetan ere irakurri zitekeen; bilkura hasi aurretik arratsaldean bidali dizuegu testua eta eten bat egiteko prest ere agertu gara. Gai garrantzitsua dela diozue baina gero urratsik ez duzue ematen».

Honenbestez, mozioa eztabaidatzeko garaian, EAJko lau zinegotziek eta PSE-EEko bakarrak, ez zuten bozketan parte hartu. EH Bilduren aldeko zazpi botoekin onartu zen mozioa eta beraz, Amasa-Villabonako Udalak elkartasuna agertu die lan baldintza eta zaintza duinen alde bororkan ari diren Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langile guztiei, modu berezian, Villabonako Santio egoitzan lan egiten dutenei. Lan gatazka hau epe laburrean konpontzeko ardura hartzera eta helburu hori lortzeko beharrezko urratsak ematera premiatzen du udalak Gipuzkoako Foru Aldundia. Izan ere, gizarte arazo bat suposatzen du gatazka honek eta horregatik greba egiten ari diren egoitzetan eman gabe geratu diren zerbitzuen zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea eskatzen diote aldundiari Amasa-Villabonako Udaletik.

Komunikazio arduraduna

Asteartean ospatutako ohiko osoko bilkuran udal plantilla organikoaren eta lanpostuen zerrendaren hirugarren aldaketari hasierako onarpena eman zitzaion, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren kontrako lau bozkekin. Amasa-Villabonako Udalak komunikazio arduradun lanpostua sortzea erabaki du.

Alderdi jeltzaleak hainbat zalantza agertu zituen lanpostu honen sorrerarekin eta zalantzan jarri zuen 5.000 biztanleko herri batean beharrezkoa ote den egunero komunikazio arduradun bat egotea. Langile hori udal plantilla organikoan sartzearekin agertu zuen Agirre jeltzaleak kezkarik handiena, ekonomikoki jasangarria ote den duda egin zuen eta kontu-hartzailetzaren txostenak eskatu zituen. Beste hainbat galdera ere bota zituen: «Zein funtzio izango ditu komunikazio arduradun horrek? Zeinen esanetara arituko da? Zein sailetan kokatuko da? Zenbat kobratuko du? Bere lanaldia zergatik izango da %75ekoa eta ez %50ekoa? Gaur egun plantillan dagoen inork ezin ditzake funtzio horiek bete? Gardentasun eta kontsentsuaren izenean, alderdien artean gai hau adostea eskatzen diogu EH Bilduri».

Labordek nabarmendu zuen, hain zuzen, gardentasunean sakondu nahi dutelako hartu dutela komunikazio arduradun lanpostua sortzeko erabakia, «kanpo enpresa bat kontratatzea baino merkeago aterako zaio udalari eta oposizio bidez erabakiko da zeinek beteko duen postua». Adostasun falta, EAJ eta EH Bilduren arteko eredu talkari egotzi zion alkateordeak.

Bestelako erabakiak

Galde erreguen txandan EAJk erreferentzia egin zion aurreko legealdian onartu zen ordenantza bati, publizitatea eta propaganda kalean jartzeko araudia zehazten duenari, alegia. «Ordenantzak bandera, banderatxo eta pankartentzako salbuespenak aurreikusten baditu ere, 12. artikuluan zehazki esaten du ez direla, inongo kasuan, pintadak eta grafitiak onartzen. Badakigu alkatearen baimenarekin horrelako batzuk egin direla. Gustatuko litzaiguke aurrerantzean horrelakoetarako baimenik ez ematea». EH Bildukoek haserre erantzun zioten EAJri, Lurgatz talde feministako kideek ortzadarraren koloreekin zubi azpian margotutako muralari erreferentzia egiten ziola ohartarazita. Arantza Lopezek Agirreri gogor erantzun zion: «Gipuzkoako beste herri askotan ikusten dira ortzadarrak margotuta toki nabarmenetan. Guk pintura irristakorra izan zitekeelako Berdura plazako eskaileretan margotu beharrean, zubi azpian margotzeko baimena eman genien. Hala ere, erabat atzerakoia iruditzen zait horrelako jarrera edukitzea LGTBI eskubideen aldeko mural baten aurrean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!