"Sekulako marka da!"

Ataria 2019ko urriaren 28a

Iraitz Arrospidek munduko txapelketara joateko gutxienekoa lortu du maratoi erdian. Bere marka bi minututan hobetu du eta Kamel Zianiren Gipuzkoako errekorretik bi segundora geratu da, 1.02.56ko denborarekin. 

Valentzian marka handia lortu du asteburuan Iraitz Arrospide billabonatarrak. Maratoi erdia 1.02.56ko denborarekin amaitu zuen. Aurrez, bere marka, 1.05.05ean zuen. Markaren handitasuna munduko txapelketara joateko aukerek erakusten dute. Gutxienekoaren azpitik dago denbora, eta martxoan Polonian egingo den lasterketara eraman dezake. Horretarako aurkarien denborak zaindu beharko dira, ez baita nahikoa gutxienekoa egitea lehiakortasuna hain handia denean.

Valentziako maratoi erdiaren ondoren, Arrospidek Euskadi Irratian "oso pozik" zegoela azaldu zuen: "Banekien ondo nengoela, baina horrelako marka lortzea ez da erraza". 50 kilometrotako munduko txapeldunak, bi asteko entrenamendu karga daramala azaldu zuen. Gipuzkoako marka hausteko aukerak zituela ere esan zuen: "Lasterketa amaitu eta gurasoekin hizketan hori esan diet. Jakin izan banu, azken 600-700 metrotan gehiago estutuko nuen. Hala eta guztiz ere 1.03tik jaistea izugarria izan da eta aurrerago ere izango dira marka hori hobetzeko aukerak dena ondo badoa". 

Hurrengo helburua olinpiar jokoetarako gutxienekoa egitea izango da billabonatarrarentzat. Kasu horretan, ordea, maratoian. 2.11.30 denbora buruan duela berriro Valentziara joango da abenduaren 1ean, denboraldiko helburu nagusienetakoa korritzera, Valentziako maratoia. Aurrez, Donostia-Behobian ikusiko dugu Arrospide.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!