Ekainean alkate kargua hartu, uztailean herriko festak ospatu eta abuztuan jai egun batzuk hartu ondoren, irailean ekin zion normaltasunez udal jardunari. «Gustura» dagoela dio.
Udal taldean kide guztiak berriak zarete, bi izan ezik.
Bai. Niretzat behintzat, Xabat Laborde eta Arantza Lopez ondoan egotea oso garrantzitsua da. Azken honek gainera, bizi duen egoera pertsonalagatik, behin erretiroa hartuta, egunero egiten du udaletxera buelta eta estimatzekoa da laguntza. Lanerako gogoz gaude, zinegotzi bakoitzak arlo baten ardura hartu du eta horretan ari dira buru-belarri, guri ere lan kargaren zati bat kenduz.
Hauteskunde kanpainan parte hartzea indartzeko asmoa zenutela esan zenuten. Zein neurri hartuko dituzue?
Gure asmoa mahai parte hartzaileak sortzea da duela bi legealdi abiatutako bideari jarraituz. Uda pasa ondoren, irailean zeregin horretan jarri gara. Hezkuntza eta euskarako Ados mahaiak nahikoa aurreratuta daude. Arloz arlo sortu nahi genituzke mahaiak, gauzak hitz egin eta eztabaidatzeko gune bat edukitzea aberasgarria baita. Parte hartze modu irekia eta gardentasunezkoa defendatzen dugu.
Udal batzordeen lekua hartuko lukete Ados mahaiek?
Gure pentsaera da, Ados mahai horretan erabakitzen diren gauzak batzarretara eramatea eta bertan parte hartzen dutenekin adostea. Hortik, osoko bilkurara joango dira gai horietako batzuk eta beste batzuk ez. Ados mahai horietan parte hartzea librea da, eta bertan aritu daitezke baita ere alderdi politikoetako ordezkariak. Guk nahi genukeena da lehenengo pausoa Ados mahai horietan ematea.
Udal batzordeetan alderdi politikoen proportzionaltasuna errespetatzeko eskatu zizueten EAJko kideek azkeneko osoko bilkuran. Zer duzue esateko horren inguruan?
Guk, agintaldiaren hasieran, aurreko legealdiko funtzionamenduari jarraitu diogu. Aurreko lau urteetan, seina zinegotzi geneuzkan EAJk eta EH Bilduk eta ez zen proportzionaltasun irizpiderik errespetatu. Guk lehengo bideari jarraitu diogu eta batzordeetan, printzipioz, EH Bilduko hiru ordezkari, EAJko bat eta PSE-EEko bat egotea proposatu dugu. EAJren eskaera ikusita, berrikusi egin beharko dugu orain erabakia.
Zein harreman nahiko zenuke oposizioarekin legealdi berrian?
Ni naizen bezalakoa naiz eta ez diot begiratzen zein pentsamoldeko pertsona daukadan ondoan. Beti esan dut, oposizioan daudenekin eta beste alderdi politikoekin kalean ibiltzen naizen bezalaxe ibili nahi dudala; Giro ona eduki nahi nuke. Elkarrekin hitz egin eta adostasunetara iritsi nahi dut. Amasa-Villabonako herriarentzat hobea da denak elkarrekin lan egiten badugu.
Aparkalekuekin arazo handi xamarra dago herrian. Nola soluzionatu asmo duzue?
Malkar plazako aparkalekuetan plaza libreak daude eta horiei irtenbide bat eman nahi genieke, baina aurretik obrak egin behar dira hirugarren pisu horretan: ura sartzen da eta hezetasun handia dago. Proiektu bat dago aparkaleku horiek berritzeko eta hori gauzatu nahi dugu aurrena. Gero pentsatuko dugu nolako erabilera eman libre dauden 60 garaje horiei.
Txermingo aparkalekuari dagokionez, aurreko udal gobernuak proiektu bat egin zuen zonalde horretarako. Mahai gainean dugu egitasmoa, baina ez gaitu konbentzitzen, aldaketa batzuk behar dituela iruditzen zaigu. Berrikusi egingo dugu.
Parkea estaltzeko asmoari eutsiko diozue?
Bai, gure asmoa hori da. Mahai gainean jarriko ditugu gaur egun dauden proiektuak eta berriak eskatu behar badira eskatuko ditugu. Herritarrek erabaki dezatela zein parke estali nahi duten. Lehen egin zen bezala proposamenak aurkeztuko ditugu eta parte hartze prozesu baten bitartez erabakiko da zein parke estali.
Sacem-go zubia noizko egongo da bukatuta?
Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak daramatza. Berez, urriaren 3an irekitzeko asmoa zegoen, baina duela gutxi jaso genuen deia aldunditik, obra bi hilabetez luzatuko dela esanez. Orain jarri diguten data abenduaren 3koa da. Haserre gaude, eragin handia daukalako Villabona eta Zizurkilen arteko komunikazioan eta Sacem inguru horretan dauden enpresetarako sarbidean.
Kale Nagusiko 38. zenbakian dagoen eraikinaren jabetzan partea badu udalak. Zein irtenbide eman nahi diozue eraikin horri?
Eraikinaren %52aren jabetza du udalak. Egia da etxe horrek berrikuntza bat behar duela, besteak beste, ez duelako ITEa pasa. Obra handia egin beharra dago, teilatutatik hasi eta etxe barruetaraino. Bertan bizi diren bizilagun batzuen egoera ekonomikoa ez da horrelako lan bati aurre egiteko aproposena eta aztertu egin beharko dugu zein aukera dauzkagun. Udala eraikin osoaren jabe egitea da aukeretako bat, baina bizilagunak hortik ateratzeko prest dauden ikusi beharko da. Diru asko behar da etxebizitza konpontzeko eta guk kreditu aldaketa bat egin genuen aurreko uztailean. Diru bat jasota zegoen aurrekontuan teilatua konpontzeko eta atzera bota genuen, ikusten dugulako ez dela nahikoa momentuko konponketa bat egitea. Diru kopurua jaitsi dugu eta partida hori azterketa sakon bat egiteko erabiliko dugu, eraikinak zein aukera dituen ikusteko. Bizilagunekin ere hasi gara hizketan. Adierazi digutenez bakarrik sentitu izan dira orain arte eta guk gure aldetik prestutasuna adierazi diegu zein aukera dauden aztertzeko. Bideak zabaldu nahi genituzke eta ez paretak jarri.
Gaztexeak hor izango du lekua etorkizunean?
Onddo gazte asanbladarekin ondo moldatzen gara, inongo arazorik ez dugu. Santio festetan sortu zen egoerari momentuko soluzioa topatu genion eta horrekin batera argi geratu zen gaur egungo lokalean ezingo direla aurrerantzean kontzertuak egin. Gaztetxea egunerokotasunean erabiltzeko arazorik ez dago, neurri batzuk hartuz eta musika kontrolatuz, baina gazte asanbladako kideek ere onartzen dute ez dela lokal egokia kontzertuak egiteko. Gauzak elkarrekin hitz eginda konpontzen dira eta prest gaude gaztetxekoekin egin genuen bezala, gainerako eragileekin ere hitz egiteko, arazoak dauden tokian soluzioak bilatzeko. Besoak gurutzatuta geratzearekin ez da ezer lortzen. Herritarrei lagundu egin behar zaie eta bideak ireki behar zaizkie, ez itxi. Bidea elkarrekin egiteko prest gaude.
Ikastetxeen arteko harremanean eragin nahi duzue udaletik?
Bai. Horregatik gure lehentasunetako bat hezkuntza arloko Ados mahaia martxan jartzea izan da. Pauso txiki batzuk eman dira eta pauso handiagoetara iristeko horrela hasi behar dugu, txikitik eragiten. Fleming, Erniobea eta Zubimusutik prest daude pauso horiekin jarraitzeko eta hezkuntza mahai horretan normaltasun egoera batera iristen lagundu nahi genuke, elkarri mokoka ibili gabe. Askotan ez da umeen kontua, gurasoak izaten gara horretan okerrenak. Futbolean edo pilotan ikusten dituzu denak elkarrekin, eta zeharo kontentu egoten dira umeak. Ez da hain zaila elkarrekin ondo moldatzea.