Eneko Maizek Superprestige Txapelketa jokatuko du

Ataria 2019ko urriaren 21a

Behar Zanako pilotari billabonatarra Munduko Kopa jokatzen ari dela iritsi da baieztapena. 

Pauen jokatzen ari den Munduko Kopa garaipenarekin hasi du Eneko Maizek, 15-2 eta 15-2ko emaitzarekin Dariel Leyva kubatarraren aurka, ligaxkako lehen partidan. "Horrekin batera heldu da berri garrantzitsu eta pozgarria", azaldu dute Behar Zana Pilota Elkartetik. "Ipar Euskal Herrian, banakako trinketeko Superprestige Txapelketa jokatzeko gonbidatuta izan da". Garazin jokatuko da azaroa eta abenduaren artean. Txapelketa jokatzen duen lehen gipuzkoarra izango da billabonatarra, eta hegoaldeko bigarren pilotaria. 
 
Txapelketa honetan pilotari onenek jokatuko dute eta aukera aparta izango da Eneko Maiz Lasarte​​ pilotariarentzat. Alderaketa bat egite aldera, oraindik afizionatuetan jokatzen duen pilotari bat gaur egungo Altuna III.arekin, Irribarriarekin, Bengoetxearekin eta maila horretako pilotariekin jokatzea da, baina kasu honetan trinketeko onenekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!