Haur eskolako matrikula ordaintzeko laguntza berriak

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 17a, 12:37

Amasa-Villabonako Udalak onartu du sistema, «matrikula kopurua handitu eta eskolaren biziraupena ziurtatzeko».

Amasa-Villabonan erroldatuta egon eta bertan bizi diren familiek eta umea Seaska Haurreskolan matrikulatuta dutenek eskatu ahal izango dituzte diru laguntzak. Amagoia Agirre hezkuntza arloko zinegotziak gogoratu duenez, urtean 18.000 eurotik beherako diru  sarrerak dituzten familiek doako zerbitzua jasotzen dute, Eusko Jaurlaritzak bideratutako laguntzari esker. 

Bestalde, urteko errenta 18.000 eta 30.000 euro artean duten familiek, ordaindutako kuoten %100 ordainduko zaie, «doakotasuna lortuz». Amaitzeko, urteko 30.000 eurotik 50.000 eurora bitarteko errenta duten unitateek, bost orduko zerbitzuagatik hilean 40 euro ordaindu beharko dituzte, eta 58 euro, berriz, zortzi orduko zerbitzuagatik. 

Agirrek azpimarratu du haur eskola erabiltzeko eskubidea herritar guztiei bermatu nahi diela udalak, «baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei doakotasuna aitortzea pauso handia da norabide horretan». Beatriz Unzue alkateak ere, «zerbitzu publikoaren biziraupena ziurtatzea eta matrikulazio kopurua handitzea» jarri ditu helburu gisa. Irailaren 26an izandako udal gobernu batzarrean hartu zen diru laguntza sistema berri hau onartzeko erabakia EH Bildu eta PSE-EEko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ taldearen abstentzioarekin.

Diru laguntzak eskatzeko, herritarrek udaleko herritarren arreta zerbitzura jo beharko dute, abenduaren 9tik 20ra. Epealdi horretan, 2019ko kuoten ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!