Afrikako emakumeen ahalduntzea laguntzeko afaria, bihar

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 16a, 19:57

Amasako Hika txakolindegian, sukaldari izan nahi duten Kenyako 13 emakume laguntzeko elkartasunezko ekimena izango da.

«Lucy Wamaitha naiz. Iazko irailetik Kibondeni eskolan ari naiz eta orain arte asko ikasi dut. Nire ama duela 14 urte hil zen eta sarrera guztiak ospitaleko fakturak ordaintzen joaten zaizkio aitari, aspaldian gaixo dago eta. Lanean gogor dabilen ikaslea naiz eta erabakitasun handia dut. Nire ikasketak amaitzeko laguntza behar dut ordea». Wamaithak eta Kenyako beste dozena bat emakumek egindako eskaerari kasu egingo diote hainbat sukaldarik, eta dirua biltzeko elkartasun afaria egingo dute bihar 19:30etik aurrera Amasako Hika txakolindegian. Menua, Gipuzkoako bost emakume sukaldarik prestatuko dute.

Duela urte eta erdi sortu zuten Afrika, Elkarrekin Bai proiektua Harambee GKEren barruan eta Kenyan sukaldaritza ikasketak egiten ari diren emakumeak laguntzeko asmoz jarri zuten abian. Kibondeni (Nairobi) eta Tewa (Mombasa) eskoletan ari diren 12 gazte lagundu zituzten iaz, eta beste 13ri ordainduko dizkiete ikasketak orain.

Afrika, Elkarrekin Baiproiektuko koordinatzailea da Juan Carlos Mujika eta Kenyan izan zen iaz: «Kibondeni eskola ezagutu nuen eta ikusi ahal izan nuen nola ari diren 300 emakume sukaldaritza ikasketak egiten. Bide batez, gazte horiek non bizi diren ikusteko aukera izan nuen eta kontraste izugarria dago. Xaflaz egindako etxetxoetan bizi dira, baldintza gogorretan, ur hornidurarik eta argindarrik gabe».

Ostalaritza eskolaren matrikula ordaintzeko laguntza eman nahi diete Afrika, Elkarrekin Bai proiektutik, sukaldaritza ikasketak amaitu ditzaten. «Ikasturtea erdibidean uzteko arriskua izaten dute, askotan 12 edo 13 urterekin ezkondu egiten dituztelako gurasoek. Orduan, etxetik atera ere ez dira egiten. Titulazioa lortuz gero, berriz, autonomia handiagoa izaten dute eta aukera dute lan bat lortu edo negozio propioa muntatzeko».

HIKAN HITZORDUA

Kenyako 13 emakume hauen ikasketak ordaintzeko ekimen ezberdinak bideratzen dituzte Afrika, Elkarrekin bai proiektutik, besteak beste, elkartasun afariak. Iaz Gipuzkoako 20 sukaldarik egin zuten bat ekimenarekin eta 12 emakume keniar lagundu zituzten Irunen eta Amasan antolatutako afariekin. Aurten, Hika txakolindegiko hitzordua errepikatuko dute eta bertako sukalde buru Roberto Ruizek proposatuta bost emakumek prestatuko dute biharko menua: Frontoi jatetxeko Sonia Tapia, Ibañez Gozona gozotegiko Raquel Ibañez, Botarri erretegiko Leire Etxezarreta, Galerna jatetxeko Rebeca Barainka eta Xarma tabernako Aizpea Oianeder.

«Menu berezia izango da. Ez dute gehiegi aurreratu nahi izan, bertaratutakoek sorpresa har dezaten, baina afrikar ukitua izango du», esan du Mujikak.

Bihar 19:30ean egin dute hitzordua Amasan dagoen txakolindegian. Proiektua aurkeztuko dute lehenik eta Iruko taldeak musika emanaldia eskainiko du ondoren. 20:30ean abiatuko da afaria eta 50 euro balioko du menuak. WhatsApp bidez eman behar da izena parte hartzeko, 626 79 82 51 telefono zenbakian, izena eta zenbat afaltiar izango diren adieraziz.

Jatorriz afrikarrak diren eta gaur egun Euskal Herrian sukaldari bezala aritzen diren bi emakume ere izango dira bihar Hikan, izan duten esperientziaren berri emateko. «Ikusita zein ilusio duten neska hauek, nola ekiten dioten ikasteari, merezi du zerbait egitea. Hemen eman dezakegun laguntza txikia, Kenyan mesede handia da. Emakume hauek behar dutena trebakuntza, ezagutza eta ahalduntzea da, familia oso pobreetan bizi direlako. Etorkizuna beren kabuz aurrera ateratzeko bitartekoak eskaini diezaizkiekegu, laguntza horrekin sekulakoak egin ditzakete Afrikan», baieztatu du Mujikak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!