Korrika eta bizikletan Amasako lurretatik

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 16a, 19:59

XXVII. Amasako Mendi Duatloia egingo da larunbatean; Eneko Gurrutxaga amasarra da faboritoetako bat.

Bizikleta, korrika eta mendia uztartzen dituen proba egingo dute beste behin Amasan. Larunbat arratsaldean izango da XXVII. Amasako Mendi Duatloia, bertako gazteek antolatuta. Eneko Gurrutxaga da antolakuntzako kideetako bat eta baita parte hartzaileetako bat: «Aurreko gazteek lan handia egin zuten eta aspaldi hasi ziren antolatzen».

Irteera 15:30ean emango da, eta hasiera batean korrika 4,18 kilometro egingo dituzte, ondoren bizikletaz 17,79 kilometro egingo dituzte zirkuitu bati bi bira emanez, eta amaitzeko korrika beste 2,43 kilometro. Orain lau urte aldatu zuten ibilbidea, eta ordutik mantendu dute. «Beti bezala, kritika onak eta txarrak jaso ditugu, baina kritika onei eutsi diogu», esan du Gurrutxagak.

Parte hartu nahi duenak www.kirolprobak.com helbidean egin dezake, hori bai, ostirala gaueko hamabiak arte. Banaka egiten duenak 15 euro ordainduko ditu eta binaka egiten duenak 25 euro. Bestalde, egunean bertan Amasan eman daiteke izena, dortsalak libre baldin badaude, eta orduan banaka bada 20 euro eta binaka 30 euro ordainduko dira. Binaka edo erreleboka egiteko aukera orain hiru-lau urte jarri zutela dio Gurrutxagak: «Bi kiroletan normalean aritzen ez direnak eta kirolari herrikoiak direnak parte hartzera animatzeko jarri zen aukera. Parte hartzaileetako batek korrika egiten du eta bestea bizikleta aritzen da. Ikusten da jendea animatzen dela eta mantendu egiten dugu».

Sari banaketarekin batera merienda oparoa ematen dute. «Jendea Amasara etortzeko arrazoietako bat izaten da», esan du Gurrutxagak. Horrez gain, hainbat produkturen zozketa ere egiten dute.

«MUNDUKO TXAPELKETA»

Amasako Mendi Duatloia Euskal Herriko Zirkuituan sartuta dago. Eneko Gurrutxaga berak parte hartzen du zirkuituko proban, eta etxeko proban ere parte hartuko du, irabazteko asmoz gainera. Berezia da, noski, Gurrutxagarentzat Amasako proba: «Nik beti lagunei esaten diet brometan asteburuan munduko txapelketa dudala. Niretzako herrikoa da dagoen lasterketa garrantzitsuena».

Aurtengo denboraldian «nahiko indartsu» dagoela dio amasarrak: «Iñaki Isasirekin ari naiz lehian lasterketetan. Erguin ez da etortzekoa, eta horrela izanez gero bera izango zen faborito nagusia. Beraz, Isasirekin borroka horretan ea irabazteko aukera dudan. Bera fisikoki ni baino puntutxo bat indartsuago dago, eta beraz, lokatza eta teknika beharko ditut irabazteko».

Zirkuituko sailkapen orokorrean lehen postuan doa Gurrutxaga. Guztira hamar proba dira, eta Isasi ez zen lehen probara joan; baina azken sailkapenean bederatzi proba kontuan hartzen direnez, berez berdinduta doaz sailkapenean, bakoitzak bi garaipen eta bi bigarren posturekin. «Nire asmoa da aurten zirkuitua irabaztea», esan du Gurrutxagak. «Kontua da azaro bukaeran familia esperoan egongo garenez, ez dakidala proba guztien lehiatu ahalko naizen».

Orain gutxi, Gurrutxagak Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen elite mailan, Arriarango Mendi Duatloian. Orduan, Isasi aurretik helmugaratu zen, baina 40 urtez gorako mailan lehiatzen denez, amasarrak bere mailako txapela jantzi ahal izan zuen. Larunbatean, ordea, lehena izan nahi du helmugan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!