Itxuraz

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2019ko urr. 12a, 07:58

Bagoaz oinez, hoditeria berritzeko lanek birrinduta dauzkaten espaloitan zehar, plastikozko zinta hesiek mugatutako tokitik, arrakalak ez zapaltzearekin kontuz.

Santiago zahar egoitza paretik pasatzean, atari osoan zabalduta dituzten kartel eta pankartek jo digute begia, grebako deialdiak estaltzen du eraikinaren fatxada edo aurrealdea. «Ez da itxura», esan dit ondoan doanak, buruarekin ezezko keinua errepikatuz, eraikinari begira. Noski, ez omen du ondo ematen adineko jendea eserita egoten den atari horrek kartelez josita, zikin itxura ematen omen dio egoitza osoari.

Nik, espaloiko lanek eragindako zuloei begira, ezin izan dut ulertu zergatik egiten zaigun hain itsusia protesta, zergatik iruditzen zaigun aldarri bat zikina, zergatik «ez den itxura» manifestatzea eta aldiz ez dagoen arazorik jendea itotzen duten lan baldintza batzuk iraunarazteko. Mexikon hormak eta monumentuak margotzeagatik salatu dituzten ahizpez gogoratu naiz, erakutsi digutelako gehiago asaldatzen gaituela gizon ezagunen baten brontzezko irudia zikintzeak, neska ezezagun baten haragizko gorpuak baino. Eta Ekuadorko senideekin berdin gertatuko dela jabetu naiz, herrialde osoa pobretu duen erabaki bat baino larriagoa egiten zaigulako indigena talde batek errepidea suz eta barrikadaz itxi izana errepresio indarrei.

Ez delako itxura desordena publikoa sortzea, ordena soziala aldatzeko bada ere. Ze itxurak zainduz gero, ikusten denez, zilegi da biolentzia: gogoratu bestela, errefuxiatuak erreskatatzeko prest zegoen Aita Mari itsasontziari «jendea sorosteko baimena» ukatzen zion aginduaz (hori bai, itxurak ondo gordez, DIN A-4 zuri eta lodi batean, tinta distiratsuz helarazia). Eta medioek desitxuraketa hori sustatzen dute, hezkuntzako grebalariek haurren etorkizuna jokoan jartzen dutela salatuz, edo adineko horien atariak pankartaz josia zergatik egon behar duen galdetuz. Askoz garrantzitsuagoa delako haur edo adineko horientzat gurasoen edo seme-alaben eguneroko lan erritmoan ez eragitea, edo manifestazio baten irudi «ezegokia» saihestea, taxuzko zerbitzua bermatuko lieken baldintza duinak eskaintzea baino.

Ez bitez lerrook erabili edozein protesta ekintzaren albo-kalteak arintzeko, ez baita helburua edozer justifikatzea. Baina pankarta atzeko arazoari begiratu ordez pankartak ematen duen itxuraz ari bagara, kosta behar zaigu itxuraz bizitzen. Eta pasealeku birrindu bateko lanak epe luzera ondo funtzionatuko duen hoditeria baterako beharrezko ikusten ditugun moduan, lan horiek albo-kalteak ezinbestekotzat dauzkagun bezala, eta kale berrituaren emaitzari harro begiratzen diogun eran, gustatuko litzaidake justizia sozialerako bide den lan hauekin ere jarrera hori hartuko bagenu. Are, umeek makina-hondeatzaileko gidariak nola, miretsi behar genituzke zerbitzu minimoak betetzen ari diren zaintzaile horiek; pentsiodunak ere ez daudelako hoditeria berritzeko lanei begira: horiek ere protestara atera behar izan baitute. Eta ez da itxura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!