Ibilian programa berreskuratu dute, hainbat eragilerekin elkarlanean

Ataria 2019ko urriaren 10a

Ibilian Villabona 2019 1 1570703153440
Ibilian Villabona 2019 2 1570703153694
Ibilian Villabona 2019 3 1570703153849
Ibilian Villabona 2019 4 1570703154021

Amasa-Villabonan ostegunetan izango dira ibilaldiak, 11:00etan, Errebote plazatik abiatuta. Luzera ezberdinetako lau bide diseinatu dira, parte hartzaileen beharretara egokituta.

Herrian zehar oinezko ibilaldiak egingo dira hemendik aurrera ostegunero, eta pertsona helduen osasuna hobetzea da lortu nahi duten helburu nagusia, nahiz eta herritar guztiek parte hartu ahal izango duten. Belaunaldi ezberdinetako herritarren harremana sustatu eta lagunartean egoteko aukera eskaini nahi du Amasa-Villabonako Udalak.

Zure oinetan dago! leloa aukeratu dute egitasmorako eta programan parte hartuko dutenekin zenbait irizpide partekatu dira: "Ahal izanez gero, arin samar ibiltzea, oinetako egokiak erabiltzea, ibilaldian zehar ura edatea eta inguruneaz gozatzea dira irizpide orokor horiek".

Udalak abiatu duen ekimena izan arren, herriko eta inguruko hainbat eragileren lankidetza ezinbestekoa izan da Ibilian programa martxan jartzeko. Amasa-Villabonako Santio egoitza, Salbadora erretiratuen etxea, Zubimusu ikastola, Erniobea institutua eta Olaederra kiroldegiak parte hartu dute. Horrekin batera, Goxara laguntza zerbitzuak enpresak, Matia fundazioak, Osakidetzak, Uliazpik eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ere lagundu te ekimena.

Udalaren izenean elkarte guztietako ordezkariei eskerrik beroenak eman dizkiete, programa hau berriro martxan jartzeko erakutsitako prestutasunagatik. Aurkezpen ekitaldian izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Arantza Lopez gizarte zerbitzuetako zinegotzia.  Haiekin batera izan dira parte hartu duten eragileen ordezkariak. Aurkezpen ekitaldiaren ondoren, lehen ibilaldia burutu dute denek elkarrekin.

Zubimusu ikastolako eta Erniobea institutuko DBHko ikasleak Santio egoitzara joango dira ibilaldiak egitera animatzen diren  helduak jasotzera eta beren alboan egingo dituzte ibilaldiak. Udalak ikastetxeek ekimen honetan parte hartzeko eduki duten konpromisoa txalotu nahi izan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!